NAIZ
GAZA

22 palestinar hil ditu Israelek azken erasoetan, horietatik bederatzi haurrak

Israelgo Armadak gogortu egin ditu Gazaren aurkako erasoak eta egunean zehar egin dituenetan 22 palestinar hil –horietatik bederatzi haurrak– eta ehun inguru zauritu dira. Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ohartarazi du egoera «kritikoa» dela eta su-etena aldarrikatu du. Benjamin Netanyahuk, berriz, Hamasen tunelak suntsitu arte jarraituko dutela esan du.

Parke batean jolasean ari ziren haurren gorpuak. (Mahmud HAMS/AFP)
Parke batean jolasean ari ziren haurren gorpuak. (Mahmud HAMS/AFP)

Israelgo Armadak Gaza bonbardatzeari ekin dio berriz 24 orduko nolabaiteko su-eten «humanitarioaren» ostean eta egunean zehar burutu dituen erasoetan gutxienez 22 pertsona hil ditu, horietatik zortzi haurrak, eta beste ehun inguru zauritu, Maan agentzia palestinarraren arabera.

Gazako Osasun Ministerioko arduradun Ashraf al-Qedrak azaldu duenez, erasoetako batek Shatiko errefuxiatuen eremuaren mendebaldean dagoen parke bat izan du jomuga eta bertan jolasean ari ziren haurrak harrapa eta gutxienez zortzi ditu. Umeak beren familiekin Ramadan-aren bukaera ospatzen ari ziren. Bi heldu ere hil dira bonbardaketa horretan.

Israelgo Armadaren arabera, Gazatik jaurtitako lehergailuek eragin dute sarraski hori baina Gazako Barne Ministerioak gezurtatu egin du eta erasoa Israelek egin duela baieztatu du.

Beste erasoetako bat Gazako Shifa ospitaleko kanpoko kliniken aurka burutu da. Ospitale horretako Ayman al-Sahbani zuzendariak esan duenez, hiru palestinar hil dira.

Beste bi lagun, horien artean 4 urteko haur bat, Gazako iparraldean dagoen Jabaliako errefuxiatuen eremuan hil dira goizean.

Netanyahu: «Gerra hau baino bidezkoagorik ez dago»

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak entzungor egin die Nazio Batuen Erakundearen (NBE) eta AEBen eskaerei eta ohartarazi du erasoak ez direla bukatuko Hamasen tunel guztiak suntsitzen dituzten arte. «Gure herritarrak, soldaduak eta lurraldea defendatzeko betebeharra amaitu arte jarraituko dugu. Gerra hau baino bidezkoagorik ez dago», nabarmendu du.

173.000 gazatar NBEren instalazioetan babes bila

Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Ban Ki-moon-ek Gazako egoera «kritikoa» dela ohartarazi du eta bertako biztanleek nora jo ez dutela salatu du. «Harrapatuta eta setiatuta daude», esan du kazetarien aurrean eginiko adierazpenetan.

Azaldu duenez, 173.000 palestinarrek baino gehiagok eskatu dute babesa NBEren instalazioetan, Gazako biztanleriaren %10.

Ban Ki-moonek Israelen erasoen «gogortasuna» salatu du eta bi aldeei su-etena eskatu die.