NAIZ
FERGUSON

Poliziaren areagotzeak eta Obamaren esku hartzeak ez dituzte Fergusoneko protestak baretu

Bertako poliziekin aski ez eta Guardia Nazionala deiturikoa atera du kalera Misuriko Estatuko Gobernadoreak eta hauen erasoak salatu dituzte herritarrek. Poliziak berak jakinarazi du 31 pertsona atxilotu dituztela eta bi pertsona balaz zaurituta eraman dituztela erietxera, tiroak ez dituztela eurek egin diote. Obamak atzo iluntzean bakerako deia egin zien Estatuko ordezkariei eta manifestariei.

La Policía ha vuelto a utilizar gases lacrimógenos. (Scott OLSON / AFP)
La Policía ha vuelto a utilizar gases lacrimógenos. (Scott OLSON / AFP)

Sarean herritar ugari ari da gau osoan zehar AEBetako Ferguson hirian izandako istiluen berri ematen. Azken orduan gordindu egin da egoera nabarmen Misuriko Estatuko hainbat hiritan eta atxiloketa ugari izan dira.

Azken orduetan Ferguson hirian bertan izan dira atxiloketak. Iluntzeko manifestazioak bake giroan joan diren arren gauak aurrera egin ahala Poliziaren eta manifestarien arteko istiluak izan dira. Atzo Misuriko Gobernadoreak Guardia Nazionala deritzona, indar polizial militarizatuagoa, atera zuen kalera eta istiluak areagotzeko besterik ez du balio izan. Atxilotu ugari izan dira azken orduetan Fergusonen. Aurrez, Estatu bereko beste hiri batean, San Luisen 90 urteko emakume bat atxilotu dute protesta batean parte hartzeagatik.

Beste gau batez gas negar eragilea erabiltzen ari da Polizia eta sarean oihartzun handia izaten ari dira protestak. Poliziak berak goizean emandako datuen arabera 31 pertsona atxilotu dituzte eta bi pertsona erietxera eraman dituzte balaz zaurituta. Poliziak ukatu egin du euren tirokatu dituztenik, «hirian zehar leku ezberdinetan tiro hotsak» izan direla zabaldu dute hainbat hedabidek eta Fergusoneko Polizia buruak euren aurkako tirokatzea izan dela adierazi du.

Azken egunetako atxilotuen artean kazetari ugari ere badira, azkena bart iluntzean Getty Images agentziako argazkilari bat atxilotu baitute (Scott Olson argazkilaria da atxilotu dutena, eta bere gaur gaueko argazkia da albiste hau ilustratzen duena).

«Sei tiro»

Protestak baretu asmoz  Barack Obama AEBetako presidenteak ere hitz egin du, herritarren haserrea «ulertzen» duela adierazi du Obamak, baina protestek «justizia geldotu» egiten dutela. Herritarren haserrea are gehiago indartu du ezagutu berri den autopsiak. Azterketa horren arabera sei tiro jaso zituen Michael Brown gazteak, gainera atxilotu behar zutenean ez zuela erresistentziarik erakutsi ere azaldu du azterketa honek, «borroka zantzurik ez» zuelako hilotzak.

Sortu den egoeraren adierazgarri, San Luiseko egunkari baten gaurko azala: