NAIZ
BILBO

Irailaren 20a sakabaneketarekin bukatzeko «mugarria» izango dela nabarmendu du Sarek

Euskal presoei aplikatzen dieten sakabanaketa politikarekin bukatzeko indar bilketa eta aktibazio soziala beharrezkoa direla nabarmendu du Sarek. Aldarri hori plazaratzeko hitzordua finkatu du herritar sareak irailaren 20an Bilbao Arena pabilioian, eta zaila izango den arren «guztion artean»  lor daitekeela ziur agertu da. «Historiaren lehen eguna izango da».

Agus Gorbeak eta Jule Goikoetxeak aurkeztu dute Sareren irailaren 20ko ekitaldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Agus Gorbeak eta Jule Goikoetxeak aurkeztu dute Sareren irailaren 20ko ekitaldia. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

25 urtez euskal preso politikoei aplikatu zaien sakabanaketak «egunak zenbatuak» izango dituela uste du Sarek, «baldin eta norbanakotik abiatuta, helburu komun berdinera gure ekarpen alea gehitzen badugu». Horregatik, «adostasuna ardatz» eta «indar bilketa iparrorratz» hartuta, aktibazio sozialerako deia egin du, salbuespen neurri horrekin amaitzeko.

Gogoeta hori egin du Sarek, irailaren 20an Miribillako Bilbao Arena pabilioian egingo den ekitaldia aurkezteko egin duen prentsaurrekoan.

«Estatu espainiar zein frantziar gobernu zentralen kontrako jokabidea ikusirik, euskal jendartearen aktibazio sozialetik eratorritako indarraren bidez dispertsioarekin amaitzeko erronkari eusteko gai garela deritzogu», nabarmendu dute Jule Goikoetxeak eta Agus Gorbeak herritar sarearen izenean.

Helburu hori finkatuta eta «erraza ez dela izango» jakitun, irailaren 20koa «sakabanaketarekin amaitzeko mugarria» izango dela adierazi dute. Egun hori «historiaren lehen eguna» izango da, Sareko kideek esan dutenez. «Handinahikeriak» baztertuta, «historia erabakior bat egun seinalatu batetik abiatzen baita eta gure ibilbidean horixe dugu eguna, hilak 20 dituenean».

«Denon parte-hartzearekin, guztion artean, lor dezakegu», erantsi dute.

Carlos Urquijo Gobernu espainolaren ordezkariak Bilboko alkateari aretoa ez uzteko egin dion eskaera dela-eta, Sareko ordezkariek esan dute Udalaren baimena badutela eta, hortaz, ekitaldia han egingo dela.