Ikasturte berriaren hasiera dela-eta, ELA, LAB, STEE-EILAS, Sortzen, Ikasle Abertzaleak, UEUk eta Hik Hasik oharra plazaratu dute, LOMCE ez aplikatzeko eskatu dute eta hezkuntza sistema propio baten alde urratsak emateko beharra aldarrikatu dute.
Salatu dutenez, Nafarroako Gobernua «aintzindari» izaten ari da hezkuntza erreforma «basati hau nafar erara aplikatzeko orduan», jada marko legala egokitu eta curriculum dekretuak era argitaratu dituelarik.
Lakuako Gobernuari dagokionez, LOMCE delakoa «ikastetxeetan sar ez dadin bermatzeko eta erreformari aurre egiten dion neurri argirik» ez duela hartu adierazi dute.
Hezkuntza alorreko eragile horiek Jose Iribas eta Cristina Uriarte hezkuntza sailburuei eskatu diete «gure hezkuntza sistema hankaz gora ezartzen duen erreforma basati hau» ez dezatela aplikatu eta «gure herritarren behar eta nahietara egokitzen den hezkuntza sistema» eraikitzeko urratsak egin ditzala.
Ikasturte hasieran aldarrikapen horiek gizarteratzeko hainbat ekimen egingo dituzte, tartean elkarretaratzeak. Horrekin batera, Nafarroako eta Lakuako gobernuek hezkuntza erreforma aplikatzen hasteko hartu dituzten erabakiei eta ikastetxeetara bidali dituzten aginduei «aurre egiteko» hainbat iradokizun eta proposamen bidali dituztela jakinarazi dute.