Haritz LARRAÑAGA
Glasgow

Kronika Glasgowtik: Erreferenduna bukatu da, politika ez

Glasgowen, erreferendumaren besperan bezala, udaletxe aurrean bildu da jendea, George plazan. Independentziaren aldeko ehun bat lagun daude bi multzotan banatuta.

Musika Glasgowko plaza nagusian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)
Musika Glasgowko plaza nagusian. (Gorka RUBIO / ARGAZKI PRESS)

Batean, Eskoziako Partido Sozialistako kideak daude esku orriak banatzen eta jendearekin hitz egiten. Afixa ugari jarri dituzte, adibidez, langile borrokaren, Palestinaren edo Eskoziaren independentziaren aldekoak.

Beste multzo bat gero eta handiagoa da. Kitarra bat dabil eskuz-esku eta musikariek haien txanda itxaroten dute ikuslegoari abestu eta elkartasun mezuak zabaltzeko. Entzuleek txaloekin jarraitzen dituzte abestiak. Abesti malenkoliatsuek malkoak sortarazten dituzte, eszena unkigarria da, baina orokorrean, harrigarria badirudi ere, irribarreak eta aurpegi alaiak dira nagusi independentzia zaleen artean.

Baiezko bozka eman zutenek erreferenduma galdu dute, baina Glasgowen gehiengoak independentziaren alde bozkatu du eta horrek indarra ematen die bertako hiritarrei. Badakite oraindik egiteko asko dagoela eta plazara gerturatu den komunikabideen presentziaz baliatzen dira lanean jarraituko dutela ozen esateko.

Aurreko egunetan baino polizia gehiago dago, oso gertutik behatzen dute mugimendu oro, baina giroa oso lasaia da. Enparantzan sakabanatuta independentziaren kontrako jende ugari ere badago. Banku berean eserita ikus daitezke bandera britainiarra lepotik duela sandwich bat jaten ari den neskatoa eta baiezko txartel urdin bat ondoan duela zigarroa erretzen ari den gizona.

Gehiena jende gaztea da, oso gaztea, askok ez du bozkatzeko aukerarik ere izan, baina galdetzera gerturatuz gero bakoitzak bere argudioak ongi landuak dituela igartzen da.

Udaletxe ondoan BBC irratiko “World have your say” programa egiten ari dira. Dozena bat lagun daude independentziaren aldeko eta kontrako arrazoiak ematen. Gizon heldu bat kenduta, gainontzeko guztiak oso gazteak dira eta eztabaidarako gaitasun txalogarria erakusten dute.

Bakoitzak, patxadan, bere txanda itxaroten du, eta besteen esanak tentuz entzuten ditu. Inork ez du ahotsa altzatzen, ez da biraorik ezta keinu itxusirik ere. Demokrazian hasi eta demokrazia egiten ari den belaunaldi baten irudia da.