Xole ARAMENDI
DONOSTIA
Entrevue
Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño
‘Loreak’ filmaren zuzendariak

«Loreen agerpenak pertsonaiengan zein eragin duen interesatzen zaigu»

Ia sinetsi ezinda daude Jose Mari Goenaga eta Jon Garaño. Beren bigarren filma Zinemaldiko Sail Ofizialean ikusiko da gaur. Lehen aldia da osotasunean euskaraz filmatutako lan batek Donostiako nazioarteko lehiaketan Urrezko Maskorraren lehian parte hartuko duena.

Astean behin, hutsik egin gabe. Emakume bat etxean lore sorta jasotzen hasi da. Ez daki zeinek bidaltzen dizkion. Bestalde, bi emakumek hildako senitartekoari ezezagun batek istripua izan zeneko tokian loreak uzten dizkiola jakin dute.

Hiru emakume hauek dira «Loreak» pelikularen protagonistak: Lurdes (Itziar Ituño), Tere (Itziar Aizpuru) eta Ane (Nagore Aranburu).

«Loreak besterik ez dira... zer gerta daiteke ba?», galdetzen dio protagonistetako batek senarrari. Baina lore sorta batek eztanda eragin dezake Jose Mari Goenagaren (Ordizia, 1976) eta Jon Garañoren (Astigarraga, 1974) filmean. Eta eztandarekin batera sentimenduak pizten dira, gori-gori egin arte: ilusioa, poza, mehatxua, egonezina....

Loreak sinbologia handiko elementuak dira. «Guretzat garrantzitsua zen berez esanahirik ez duen elementu batek nola har dezakeen esanahia begiratzen duen pertsonaren arabera, hark izan ditzakeen etsipen eta desioen arabera», argitu du Goenagak. «Ez zitzaigun hainbeste interesatzen loreak nork bidaltzen dituen argitzea, nahiz misterio horrekin jokatu, lore misteriotsuen agerpenak inguruko pertsonaiengan zein eragin duen baizik», gaineratu du Garañok.

Errepide ertzean hainbatetan ikusten diren loreen irudiak piztu zion filmaren ideia Goenagari. «Beti iruditu zait oso irudi indartsua. Edonork loreak ikusten dituenean horren atzean egon daitekeen draman pentsatzen du. Eta ez dakizu inoiz loreen atzean zein dagoen, izan ere, oso gutxitan ikusten duzu inor loreak jartzen», dio.

Komunikazio ezintasuna

Inkomunikazioa eta bakardadea bere gordinean erretratatzen dituzte Goenagak eta Garañok, aurreko beste lan batzuetan bezala. «Sentimenduak adierazteko ezgaitasun hori oso euskalduna da. Egia esan, pelikulak egitean ditugun erreferenteak oso gertuko pertsonak dira», diote. Loreak lagungarri gerta daitezke. «Loreek sentimenduak komunikatzeko bide ematen dute, maitasuna edo dolua, adibidez. Batzuetan pertsonaiek hitzez adierazi ezin dutena loreen bitartez egiten dute», esan du Goenagak.

Filmeko protagonisten inkomunikazioa egunez egun, lan orduetan bizi duten egoeraren bidez, islatu nahi izan dute. «Era plastikoan ere erakutsi nahi izan dugu euren inkomunikazioa. Pertsonaia batek autobideko ordainlekuko kabinan ematen du eguna, besteak garabiko kabinaren barruan eta hirugarrenak eraikuntza lanetako kasetan. Jendez inguratuta daude, baina isolatuta era berean», nabarmendu dute.

Bada bi zuzendarien aurreko film arrakastatsua -«80 egunean»- oso euskalduntzat hartu duenik, baina lan hark erakutsi die sentimendu batzuk zein unibertsalak diren. «Atzerrian lehen aldiz `8o egunean' filma proiektatu genuenean, Txekian, hori oso txekiarra dela esan ziguten. Eta ondoren bisitatu ditugun beste herrialde guztietan berdin. `80 egunean' filmean badaude euskal kulturari lotutako ezaugarriak eta beste batzuk oso gureak direnak ez dira hain gureak», esan du Garañok.

Memoria da «Loreak» pelikulak landutako beste gai nagusia. «Gertakizun jakin baten aurrean hirurek modu ezberdinean erreakzionatzen dute. Batek ahaztu egin nahi du, besteak gogoratzeko ahalegin guztia egiten du, eta hirugarrenak ez dauka ezer gogoratzekorik ez ahaztekorik, baina iragana berreraikitzeko beharra dauka. Gizartean ematen diren erreakzioak dira».

Hautaketa irizpideak

Izan da Sail Ofizialean egotearen arrazoia euskalduna izateari egotzi dionik. «Gure nahia Sail Ofizialean egotea izan da. Asko pozten gaitu gure lana aukeratu izanak, badakigu-eta oso zaila dela. Hautatzaileak ezagutzen ditugu eta badakigu irizpidedun pertsonak direla eta ez dutela aukeratu euskal pelikula delako. Ikusi besterik ez dago 25 urtean ez dutela euskal filmik hartu!», esan dute. Dagoeneko Donostiako Zinemaldiak ireki die nazioarteko bidea. Donostian ikusi ostean, Zurich Film Festivaleko Sail Ofizialean eta London Film Festivalen ere parte hartuko du lanak. «Eta oraindik aipatu ezin ditugun beste jaialdi batzuetan ere egongo da», iragarri dute.

Hori filmaren kalitatearen isla bezala ikusten dute. «Han ez gara `bertakoak' eta aukeratu egin dute. Horrek ere gure pelikularen alde egiten du», esan dute.

Zalantzarik ez da Donostiakoa A mailako zinema jaialdia izanik erakusleiho aparta dena. Baina zenbateraino? Argi diote: «Batetik, filma ikusle gehiagok ikusten dute, eta horrez gain hedabideetan oihartzun handiagoa lortzen du. Hori gutxi ez eta, industriak ere arreta jartzen dio. Zinemaldiari esker, batetik, banatzailea lortu dugu, eta bestetik, nazioarteko salmentaz arduratuko den beste pertsona batekin lanean ari gara. Hori bakarrik pozik egoteko modukoa da», aitortu dute.

Pozarren daude, baina ezin ardura ezkutatu. «Nazioarteko jaialdietan edozein filmekin gauza bera gertatzen da, jendeak herrialde bateko zinemaren ordezkari ikusten zaitu», diote.

Naturalki erabaki dute «Loreak» euskaraz filmatzea. «`80 egunean' elebiduna izan zedin nahi genuen, baina ezinezkoa izan zen. Orain naturalki sortu da euskaraz filmatzearen aukera. Horrek ez du esan nahi hurrengoa ere euskaraz izango denik, ikusiko dugu», argitu dute.

Zinemaldiaren historian 1990. urtera arte egin behar da atzera euskaraz eskainitako filma aurkitzeko. Antxon Eceizaren «Ke arteko egunak» euskaraz eskaini zen, baina ez zen bere osotasunean euskaraz filmatu. Izan ere, Pedro Armendariz jr. aktore protagonista gaztelaniaz aritu zen eta ondoren euskarara bikoiztu zuten bere zatia. 25 urteko hutsunearen arrazoiez galdetuta, honokoa diote: «Euskal zinemak egin duen bideari erreparatzen badiogu ikusten dugu 1993tik 2004. urtera arte, `Aupa Etxebeste' egin zen arte, marrazki bizidunak salbu, ez zela fikziozko film luzerik egin. Hamaika urteko tarte horren ondoren hasi ginen bide berria egiten. Gainera, 80ko hamarkadan egiten zen zineman -hizkuntza ez zegoen hain normalizatua- euskarari ez zitzaion hainbesteko garrantzirik ematen. 2005etik hona egindako bidearen uzta da orain jasotzen ari garena».

Ezinbestean, murrizketak ditugu hizpide. «Diru laguntzak behera doaz. Uzta hau jasotzen jarraitu nahi badugu, hori zaindu egin behar da. Murrizketak gertatu dira gizarte osoan, baina jakina, egoera baliatu dute esparru batzuetan murrizketa handiagoak egiteko. Eta zalantzarik gabe, kultura da horietako bat. Eta askori, gainera, ez zaio axola. Ez dakit ze punturaino jabetzen den jendea kulturaren garrantziaz», gaineratu du Garañok.

«Loreak» filmak EITB, Lakua eta TVEren laguntza jaso du, beste erakunde batzuen artean. Azken urteotako bilakaeran, bere esanetan, erabakigarria izan da Europar Batasunaren legedia aldaketa. «Telebista publikoak, eta orain ez publikoak ere berdin, aurrekontuaren %6 zinema ekoizpenean inbertitzera behartzen ditu. Horrek dena aldatu du. Ordutik eta horri esker urtero bizpahiru film egiten dira euskaraz», argitu du. Aurtengo Zinemaldia espejismoa ala errealitatearen isla den denborak esango du, zuzendarien ustez.

Zine eta Bideo Eskolako beste hiru ikaskiderekin batera Moriarti ekoiztetxea sortu ondoren film laburrekin ekin zioten bideari bi zuzendariek. Esker ona adierazi diote euren ibilbidearen hasieran babesa eskaini zien Kimuak katalogoari. «Lan handia egin du gurean zinemagileek bidea egin dezaten», diote.

«Kimuak belaunaldi»-ko kide sentitzen dira. «Nahiz eta gure lanek ez duten zerikusirik, garai berdina bizi dugu, antzeko esparruetan aritu gara lanean... talde sentimendua badago», aitortu dute.

Gela intsonorizatuan pozez garrasika

Ondo gogoan dute Irusoin ekoiztetxeko kideek -haiekin elkarlanean egin dituzte orain arteko bi film luzeak- berri ona eman zieteneko eguna. «Filmean lanean ari ginen estudioan. Halako batean, ekoizlea etorri zen. Oso aurpegi serioarekin gurekin hitz egin nahi zuela esan zigun. Atzeratzen ari ginelako izango zela pentsatu nuen -ohikoa gugan-, errieta egingo zigula», aitortu du Garañok.

Estudioetan badira intsonorizatutako gelak eta haietako batera sartu ziren. «Orduan esan zigun Zinemaldiko Sail Ofizialerako aukeratu zutela `Loreak'! Kontua da ezin geniola beste inori esan.... [barreak]. Ospatzen hasi ginen, pozez garrasika, eta taldeko beste kideek ez zuten ezer entzun! Oso egoera arraroa izan zen...», kontatu dute.

«Iazko abendua zen eta argi utzi ziguten goiz zenez garrantzitsua zela inori ezer ez esatea. Badaezpada ez genion inori esan. Gutariko bakoitzak pertsona bakar bati esatea erabaki genuen. Hala egin dugu ia bukaera arte. Uste dut sekretua ondo gorde dugula...», diote irribarrez. X.A.