NAIZ
BILBO

Hilaren 11n Lomceren aurka kalera ateratzeko deia egin dute Ehigek eta Ikastolen Elkarteak

Datorren larunbatean, hilak 11, Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñean Lomceren aurka egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Elkarteak (Ehige) eta Ikastolen elkarteak.

Lomceren aurkako manifestazio bat, artxiboko irudi batean. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)
Lomceren aurkako manifestazio bat, artxiboko irudi batean. (Jon HERNAEZ/ARGAZKI PRESS)

Ohar banaren bidez, Ehigek eta Ikastolen Elkarteak bat egin dute larunbaterako Hego Euskal Herriko hiriburuetan hezkuntza erreformaren aurka antolatutako mobilizazioekin.

«Lomce saihestu dugula sinestarazi nahi digun arren Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, lege hau gure ikastetxeko geletan dago jada sail horrek emandako jarraibideak direla medio», salatu du Ehigek.

Ildo horretan, «dagokion ardura» hartzeko eskatu diote Lakuari eta erreformaren inguruko informazio argi eta objektiboa exijitu dute.

Lakuak eta Gobernu espainolak lortutako akordio «partziala» nahikoa ez dela nabarmen du Ehigekm «hizkuntza-ereduen sistema iraunarazten duelako eta oraindik ez dakigulako zertan geratuko diren eskola kontseiluen eskumenak». Bestelako neurri batzuk aipatzen ez direla ere azpimarratu dute, hala nola, zentralizazioa eta curriculumaren kontrola, ikasleen sailkapena, pribatizazioa...

«Lege honen kontrako desobiedientzia ekimen aktiboak martxan jartzen jarraituko dugu. Eskola kontseiluak defendatzeko ekimena, esaterako, 160 ikastetxe baino gehiagotan onartu da, Lomceren kontra hezkuntza-komunitateak duen konpromisoa erakutsiz», adierazi dute.

Ikastolen Elkartea

Ikastolen elkarteak, bere aldetik, Lomce «inposatzeko» nahiari «herri gisa erantzuteko» deia egin du.

Horrez gain, hezkuntza sistema propio baten alde urratsak ematen hastearen garrantzia ere nabarmendu du Koldo Tellituk, Ikastolen Elkarteko presidenteak.

«Ikastolok argi daukagu: bide propioa jorratu beharra daukagu, euskal gizartearen eta hezkuntza sistemaren kohesioa nahi dugu, ikuspegi integrala bultzatu, eta ikasle eta ikastetxe guztien hezkuntza maila hobetu, horrela ulertzen baitugu bikaintasuna, kalitatez eta berdintasunez jantzia», azpimarratu du.

Horrela, egungo testuinguruan, berariazko marko normatibo bat eta Hezkuntza Legea, «hezkuntza alternatiba eta aldaketa baten giltza iruditzen zaizkigu, bide propioa eta hezkuntza hobekuntzaren ezinbesteko baliabide, euskarri eta adierazpen garbiak».