Urriaren 19an, milaka lagunek bat egingo dute Zangozan ikastolen alde, han ospatuko baita aurtengo Nafarroa Oinez jaialdia.
Antolatzaileek agerraldia egin dute gaur hitzordu garrantzitsu horren inguruko azalpenak eman eta herritarrei bertaratzeko gonbitea egiteko.
Azaldu dutenez, lau gune izango ditu ibilbideak eta ez da egitekorik faltako bertan: DBHko ikasleen parte-hartzea sustatzeko Erronka ekimena, haurrentzako ikuskizunak, dantzak...
Musikak ere tarte zabala izango du egitarauan,: Willis Drummond, Leihotkian, Esne Beltza, Glaukoma, Gose, Zopilotes Txirriaos, Balerdi Balerdi, Motxila 21, Erramun Martikorena eta abarrek emanaldiak eskainiko baitituzte.
Ikastolako arduradunek nabarmendu dutenez, proiektuaren iraunkortasuna bermatzea da jaialdiaren helburu nagusia.
Azken 35 urteotan egin duten bezala, euskara eta euskal kultura sustatzen jarraitu nahi dute «ez euskalduntzat» jotzen duten eremuan kokatuta dagoen Zangozako ikastolakoek.