Arabako 46 udalerritako alkateek babesa adierazi diote Kongresu espainolean azaroaren 18an eztabaidatuko den lege organikoaren proposamenari. Trebiñuko udalek bultzatutako proposamena da eta, Konstituzioaren 141.1 artikulua oinarri hartuta, Burgosko eta Arabako mugak aldatzea proposatzen da, Trebiñu behin betiko Arabara batuta gera dadin.
‘Trebiñu Araba da’ herri mugimenduak plazaratutako adierazpena sinatu dute EAJ, EH Bildu, PSE eta hainbat alkate independentek, horien artean Amurrio, Laudio, Agurain, Eltziego, Dulantzi, Aiara, Asparrena, Bernedo, Artziniega, Añana, Armiñon, Erriberabeitia, Lantziego, Samaniego eta Aramaiokoak, besteak beste.
Agirian diotenez, Trebiñu Araban egongo balitz bertako herritarrek egunero pairatzen dituzten arazoak konponduko lirateke.
Madrilgo politikariek lege organikoa onartzea espero dute alkateek eta modu horretan arazoa behin betiko konponduko dela uste dute.