«Aldaketa nahi eta behar dugu, eta horregatik botoa ematera irten gara gaur, eskubidea dugu-eta». Daniel Malloren hitzak. 24 urterekin, azkeneko sei hilabeteak daramatza langabezian, urteetan hainbat lanetan aritu ostean. Bartzelonako Nou Barris auzoan jaioa da eta bertan bizi da.
Ohikoa da galtzeko gutxi daukanak aldaketarako beharra ikustea, are gehiago irabazteko etorkizun bat edukita. Kataluniako hiriburuko auzo honen kasua bereziki da azpimarragarria. Auzo txiroenetako bat izaki, jendeak zerbait desberdina eraikitzeko gosea azaltzen du, baina era berean, Bartzelonako beste auzo batzuen aldean «ez nazionalistatzat» har daiteke. Ez dira gutxi balkoietan ikusten diren espainiar banderak, atez ate senyera ugarirekin elkarbizitzan.
Baina egoera sozioekonomikoak sortutako beharrak ez nazionalista asko aldaketa eskatzera bultzatu ditu. Hori da Mallo gaztearen kasua, zeinek gaztelera hutsean, auzoaren eta gazteen egoera larria salatzeko erabili zuen atzoko botoa. «Gure egoera Estatutik iritsitako politiken ondorio da. Orain, iritzia emateko debekuak ere bai. Horregatik irten naiz gaur kalera».
Jende ilarak etengabeak izan ziren eta harrituta agertu zen Xavier Messeguer, Calderon de la Barca eskolako bozkalekuan ari zena boluntario eta arduradun lanetan: «Gure auzoan oso partaidetza txikia izan ohi da hauteskundeetan; gertatu denak gure aurreikuspen guztiak gainditu ditu».
Horrek arrazoi argi bat izan lezake; jendeak debekuen aurrean erakutsi ohi duen jarrera. Mallok, adibidez, lehen aldiz parte hartu du bozketa prozesu batean «nor eta zer izan» ezin diolako «inork inposatu». Beraren hitzetan, lagun eta ezagun asko ditu ohiko hauteskundeetan sekula boza eman ez dutenak, eta atzo, aldiz, ilusioz gerturatu zirenak hauteslekuetara.
Ilusioa izan daiteke lehen ordutik atzoko eguna definitzeko hitz egokia. Eskola ireki baino ordu erdi lehenago, egoitzari buelta erdia ematen zion ilarak egin zion ongietorria galdeketari. Hori ere nabarmendu nahi izan zuen Messeguerrek: «Hainbat lagun ikusi ditut paperei muxuak ematen hautetsontzian sartu aurretik, eta gutxi dira argazkia ateratzen ez dutenak». Gogoratzeko moduko eguna izan zen atzokoa Nou Barris auzoan, baina beste egun indartsuago batzuk etorriko diren esperantzaz. «Honek pausoa izan behar du, baina herri honek erabakia hartuko du».
Gizarterik gabe, galdeketarik ez, eta beste behin boluntarioak eta gizarte zibila izan ziren eguna aurrera eraman zutenak. Aurreko egunetan gogor lanean ibili ondoren, atzoko eguna lasaiago hartu zuen Carla Reyerosek. 63 urterekin, «berebiziko aukera» moduan ikusi zuen atzoko jardunaldia: «Ez dakit beste aukerarik izango ote dudan nire iritzia era honetan adierazteko. Batez ere jende helduarentzat, baliteke hau izatea aukera bakarra». Auzoko mugimendu sozialetan aritzeagatik ezaguna da Reyeros eta zirraraz jaso zuen herri katalanaren mobilizazioa: «Desobedientziaz erantzun diogu Estatuaren debekuari», agertu zuen irribarre bat ahoan. «Jendea etxetik aterarazteko behar den bakarra, etxean gelditzera behartzea da», ondorioztatu zuen.
Pedralbesen, lasaitasuna
Errealitate ezberdinak eta irudi ezberdinak. Pedralbes auzoan giroa lasaiagoa izan zen, Bruc kuartel militarretik ehun bat metrora. Bi bizimodu edo bi bizitza; Pedralbeseko auzoarekin konparatuz, adibidez, Nou Barris auzokoen bizi esperantza zortzi urte txikiagoa da eta.
Marina zen auzo boteretsuan boluntarioetako bat. Bi helburu zituen: «Gutxinaka-gutxinaka jendea etortzea eta ondoko kuarteletik inor ez ateratzea». Eta bai, jendea agertuz joan zen, baina Nou Barrisen oinez egiten zuten bitartean, Pedralbesen 4x4 ibilgailuetan.