NAIZ
BAIONA

Kaskaroteneak eguneko 100 euroko isuna ordaintzen jarraitu beharko du

Paueko Auzitegiak ez du onartu Ziburuko Herriko Etxeak Kaskarotenea ikastolarentzat egindako eskaera, hau da, ezarri zioten isuna eguneko 400 eurora igotzea, eta eguneko 100 euro ordaintzen jarraitu beharko du. Bihar hilabete beteko dute haurrek argindarrik gabe.

Hernani eta Ordizia errugbi taldeek elkartasuna adierazi zioten Kaskaroteneari igandean. (SEASKA)
Hernani eta Ordizia errugbi taldeek elkartasuna adierazi zioten Kaskaroteneari igandean. (SEASKA)

Ziburuko Herriko Etxeak hirugarren aldiz epaitegira eraman du Kaskarotenea ikastola. Paueko Auzitegian izan ziren joan zen ostiralean Hur Gorostiaga Seaskaren izenean eta Isabelle Dubarbier Udalaren izenean. Herriko Etxeak ikastolak irailaz geroztik ordaintzen duen isuna –100 euro eguneko– 400 eurora igotzeko eskatu zuen, baina epaileak ez du aintzat onartu eskaera eta Kaskaroteneak eguneko 100 euroko isuna ordaintzen jarraitu beharko duela ebatzi du.

Epaileak dio Seaskak egiazko borondatea agertu duela behin eta berriz Marinelako eskola publikoaren ondoko lurra uzteko eta, beraz, ez dagoela arrazoirik Udalaren eskaera onartu eta zigorra 100 eurotik 400 eurora handitzeko. 100 euroko isuna berretsi du ordea, ikastolak lur publikoan jarraitzen duelako auzapezaren baimenik gabe, baina ez du onartu egun bakoitzeko isunaren gaineko interesak ordainaraztea.

Azaroaren 28an, 7.900 eurokoa zen isuna guztira; horiei urrian ordaindutako 4.370,30 euroak kendu behar zaizkie.

«Nik ere ikastola bat nahi dut Ziburun» kanpaina

Seaskak, ohar batean, aferari konponbidea aurkitzeko bere borondatea berretsi du eta Udalari elkarlanerako deia egin dio. «Nik ere ikastola bat nahi dut Ziburun» kanpainak aurrera jarraitzeko deia egin du, isuna ordaintzeko eta ikastola beste toki batera ahal bezain azkar eramateko beharrezkoa den dirua biltzeko.

Ildo horretan, hainbat kirolarik sostengua adierazi diote Seaskari eta 100 euroko egun bateko isuna bere gain hartu dute.

Kaskaroteneako haurrek bihar beteko dute hilabete eskolak argindarrik gabe jasotzen dituztenetik.

Joan zen azaroaren 8an 5.000 lagunek Ziburuko kaleak bete zituzten ikastolaren alde.