NAIZ
BILBO

Martutene eta Basauriko espetxeetan mobilizazioak egingo ditu Sortuk asteburuan

PPren espetxe politikarekin amaitzeko «tresna guztiak» aktibatzeko beharra nabarmendu du Sortuk eta borroka hori indartze aldera, Basauri eta Martuteneko espetxeetan mobilizazioak deitu ditu hilaren 27 eta 28rako.

Martuteneko espetxera iazko abenduan eginiko martxa. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Martuteneko espetxera iazko abenduan eginiko martxa. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Ohar baten bitartez, Sortuk gogor kritikatu du Madril eta Parisko gobernuek euskal presoei ezartzen dieten espetxe politika «gero eta gogorragoa» dela eta, ondorioz, azpimarratu du euskal jendartearen artean gero eta jende gehiagok «nahikoa dela esateko garaia dela» uste duela.

ETAk borroka armatua bertan behera utzi eta 3 urte baino gehiago igaro direnean, presoen egoera gero eta okerragoak erakusten du, Sorturen aburuz, espetxe politika «kriminala» bakearen kontrako tresna moduan erabiltzen duela PPk.

Ildo horretan, politika horrekin bukatzeko «indar eta tresna guztiak» aktibatu behar direla adierazi dute, «tartean noski, herri mobilizazioa».

Euskal presoen etxeratzerako borroka indartzeko behar horren baitan, Sortuk dei egin du datorren asteburuan Martutene eta Basauriko espetxeetan egingo dituen mobilizazioetara joateko.

Larunbatean, hilak 27, Basauriko espetxe atarian izango da hitzordua, eguerdiko ordubatean. Igandean, aldiz, Martuteneko kartzelara egingo da martxa. Zubate bat Egiako epaitegitik abiatuko da eta bestea Hernaniko Zinkoenea plazatik, biak 11.30ean. Ekitaldia 12.30ean egingo da, espetxe aurrean.

Era berean, Gabonen testuinguruan antolatzen ari diren ekimenetan parte hartzeko deia egin du Sortuk.