NAIZ
BAIONA

Abian da Mediabask, Ipar Euskal Herriko hedabide berria

2015. urtea hastearekin batera, komunikabide berri bat jaio da Ipar Euskal Herrian: Mediabask, informazioa, iritzia eta abarrekoak uztartuz proiektu herritar eta parte hartzailea izateko asmoa duena.

Iparla elkarteak sustatuta, jaio da Mediabask komunikabide berria Ipar Euskal Herrian.

Zuzendaritzak azaldu duenez, lehen urrats batean bi webgune jarri dituzte martxan, euskaraz eta frantsesez Euskal Herriko gaurkotasunari jarraipen zehatza egiteko. Sare sozialetan ere du presentzia proiektuak, Facebook eta Twitter profilen bitartez.

Bigarren fase batean, paperera ere jauzia egingo dute, Mediabask L'Hebdo astekaria argitaratuz, aipatu webguneen osagarri gisa.

Zazpi herrialdeen herriaren ikuspegia landuko du komunikabide berriak eta garapenean laguntzea du xede. Horretarako, informazioa, analisiak, iritziak eta abarrekoak eskainiko ditu.

Zuzendaritzak proiektu herritarra eta parte hartzailea garatzeko helburua du.

Beste hedabide batzuekin bezala, NAIZetik ere iritsi ahal izango da komunikabide berrira, klik bakar bat eginda.

Hedabide berria ezagutzera emateko, lehen hilabetean informazioa doanekoa izango da, baina otsailetik aurrera hiru harpidetza mota eskainiko dituzte. Bitartean ere badago aukera sustengua emateko.