Koloretako paleten artean, eta ‘Denok Korrikara’ abestia belarrietara behin eta berriro sartzen zitzaigula eman ditu Akting enpresako Unai Bilbaok Google Playn eta App Storen deskarga daitekeen aplikazioaren xehetasunak. Azaldu duenez, euskAHALdunek honako informazioa eskuratu ahal izanen dute: Korrika Kulturalaren agenda; lasterketaren ibilbidea eta martxoaren 19tik 29ra unean unean lekuko eramailea zein den eta non dagoen; hasiera eta bukaera egunetarako ze lo-leku, jatetxe eta leku interesgarri dauden Urepele eta Bilbo inguruan…
Berrikuntzetako bat Korrikak irauten duen egunetan eginen den argazki lehiaketa da. Nahi duenak irudiak bidali eta eguneko argazkirik politena webgunean erakutsiko dute. Gainera, onenek saria izanen dute.
Korrika Kulturala
Sergio Regueiro Korrika Kulturalaren arduradunak bost lan aipatu ditu: lehena, ‘Gosariak’. Joseba Sarrionandia, Gose eta Iñigo Arregi eta Juan Luis Goikolea artista plastikoek elkarrekin egindako proiektua urtarrilaren 22an estreinatuko da Bilboko Guggenheim Museoan. ‘Fausto, herritar eredugarri’ Galder Perezek zuzendutako antzezlana, aldiz, 29an ikusten ahalko da lehenbiziko aldiz Donostiako Antzoki Zaharrean. Fausto kartzelan preso dagoen pertsona bat da. Indultua eskainiko diote, Madame Demokraziarekin ezkontzea onartu eta, ondorioz, herritar eredu bihurtzea onartzen baldin badu.
‘Bertsolaritzaren sekretuak - Isildutako emakumeen historia’ ikuskizunak emakume bertsolarien ikurra izan zen Joxepa Anttoni Aranberri Petrirena du abiapuntu eta narrazioz, bertsoz eta musikaz lagunduta emakume haiek bizi izandako egoerak argitara atera nahi ditu. Lehen emanaldia otsailaren 22an izanen da, Hernaniko Biteri kultur etxean.
‘Hor dago ardoa’ ere eskaintza berezia da, Mikel Garaizabal enologoak eta bere bandak zuzeneko musika, margolanak, antzezpena eta bideoa uztartuko baitituzte ardoa gozamen hutsa dela erakusteko. Martxoaren 5ean izanen da estreinaldia, Errenterian.
Azkenik, ‘Txo, mikmak txikia’ Pirritx, Porrotx eta Marimototsen lana da, urtarrilaren 23an Sondikako frontoian lehen aldiz ikusten ahalko dena. Txo mikmak indioarekin eta bere aitona arotzarekin San Juan baleontzi berria eraikitzera gonbidatzen ditu haurrak. Korrika Kulturalarekin batera, hiru lehiaketa eginen dituzte: bideo-koplena, Korrikako abestiaren bertsioena eta bideoena. Eta, nola ez, aurreko edizioan bezala Bertso Korrika ere antolatu dute, euskara ikasleen neurrira. 29 bertso eskola, 120 bertsolari eta 30 gai-jartzaile batu dira, eta oraingoz 30 herritan baieztatu dituzte saioak.