Oihana Llorente Arretxea
Entrevue
Teresa Toda
Militante nekaezina

Teresa Toda: «Dispertsioa harresien bi aldeetatik ezagutu orduko erabaki nuen haren kontra arituko nintzela»

Langile borrokaren ala kazetari lumaren eskutik bidegabekeriak seinalatuz eman du bizitza osoa. Kartzelaldiak guda zelaia aldatu eta dispertsioa jarri dio jomugan.

Aita diplomatikoaren magalean kultura desberdinetatik edanez igaro zituen bizitzako lehen urteak. Aberri argirik gabe, Euskal Herrian bota zuen aingura 1990. urtean, denboraren poderioz erabat bertakotuz. “Egin” egunkariko zuzendariorde izan zen, eta prozesatu eta espetxeratu egin zuten 19/98 makrosumarioaren baitan. Orain urtebete berreskuratu zuen askatasuna, eta, apenas atsedenik hartu gabe, Konponbidean lehenengo eta Saren ondoren temati dabil dispertsioaren aurka eta euskal presoen eskubideen alde. Gaurko manifestaldiaren prestaketa lanetan diharduen bitartean hurbildu gatzaizkio, prentsaurrekoetako fokuen aurrean eta pankartaren atzean ezkutatzen zaigun Teresa Toda gertutik ezagutzeko asmoz.

Brasilgo Porto Alegre hirian jaio zinen, 1950. urtean.

Bai, Estatu espainoleko diplomatikoa nuen aita eta kontsul moduan zegoen Brasilen ni jaio nintzenean.

Aita diplomatikoa izanik, herrialde batetik bestera aritu zinen haurtzaroan.

Bai, pentsa, lau anaia-arreba gara eta bakoitza munduko puntu batean jaioak gara kasik. Ni naiz zaharrena, eta ni eta nire ondorengoa ere Brasilen jaiotakoak gara. Hurrengoa, aldiz, Txilen jaio zen, eta, ahizpa txikiena, Ameriketako Estatu Batuetan.

Nola gogoratzen duzu zure haurtzaroa?

Porto Alegre ez dut apenas gogoratzen, 3 urte nituela Txilera joan ginen-eta. 12 urte nituela berriz itzuli ginen Brasilera, orduan Rio de Janeirora. Tarteka Madrilera ere etortzen ginen, nahiz eta aita jatorriz katalana izan eta ama Valladolidekoa Madrilen baikenuen familia erreferentzia; amona bertan bizi zen. Los Angelesen ere bizi izan nintzen, baina 16 urte nituela Madrilera bidali ninduten barnetegi batera. Eta handik Ingalaterrara, han zeuden eta orduan gurasoak. Oso gogoan ditut urte haiek: minigonaren hasiera, Rolling Stones taldea... Sekulako mugimendu hippya zegoen garai hartan! Irlandako gatazkaren eztandak ere bertan harrapatu ninduen, bere puntu gorenera iritsi baitzen auzia garai horretan.

Aurrera eta atzera ibiltzea egokitu zaizu, eta, horrek, noski, kultura askotatik edateko aukera emango zizun.

Aberasgarria da, baina badu bere alde iluna ere: zauden lekuan zaudela ez zara inoiz erabat bertako sentitzen. Umetan lagunak egiten dituzu, zure giroa sortu, eta, bat-batean, boom, berriz zerotik hastera. Nire bizitza osoan zehar etengabe errepikatu da egoera hori. Beti mugitzen, eta, gainera, gehienetan ez nik hala nahi nuelako, egoerak bultzatuta baizik. Oso zaila da haurtzaro eta gaztaroko lagunak era horretan mantentzea.

Alde batetik bestera ibili ostean, Iruñea hautatu zenuen azkenean kazetaritza ikasketak egiteko. Nolatan?

Bai, 1968an, Opus Deik Iruñean duen Nafarroako Unibertsitatean sartu ninduten gurasoek kazetaritza ikasteko. Madrileko giroa baino lasaiagoa izango zelakoan hautatu zuten Iruñea, baina ez zuten asmatu. Urtebete ere ez nuen iraun unibertsitatean, bota egin ninduten-eta.

Zergatik bota zintuzten?

Oso urte mugitua izan zen. Pentsa, Meliton Manzanas hil eta hiru egunera iritsi nintzen ni Euskal Herrira. Gauzak oso nahasita zeuden. Nire kasuan, bizilagunek unibertsitateari eskatutako lursail batzuen harira bota ninduten. Gure unibertsitatea oso elitista zen, ez zegoen bizilagunen eskura, eta, azkenerako, dena nahastu zen, antifrankismoa, bizilagunen aldarrikapenak... Kontuak kontu, itxialdi bat egin genuen ikasleok eta atxilotu egin gintuzten; unibertsitateak kanporatu egin gintuen horregatik.

Hala ezagutu zenuen, beraz, Euskal Herria.

Beti berdina diot: ni ez nintzateke gaur egun hemen egongo ikastera Iruñera etorri ez banintz. Izan ere, bertan Euskal Herriaren egoera ezagutu nuen, euskarazko lehen hitzak ere bertan entzun nituen...

Gurasoek nola hartu zuten zure kanporatzea?

Gaizki [barreak]. Gurasoak Ingalaterran zeuden eta unibertsitatetik bota nindutenean ezinbestean haiengana itzuli nintzen. Haiek segituan Madrilera bidali nahi izan ninduten ikasketak bukatzera; matrikula ordainduko zidatela esan zidaten, baina politikan sartuko ez nintzen baldintzapean. Nik ezin nuen hitz hori bete, eta, ondorioz, nire bizitzarekin jarraitzea erabaki nuen. Pare bat urtez Ingalaterran gelditu nintzen, lanean. Bertako abokatuen eskolako aldizkari batean hasi nintzen, hasieran idazkari moduan eta ondoren kazetari lanetan. Ondoren, telebistako berri agentzia batean ere aritu nintzen. Noski, orduan ez zegoen ez Internetik, ez Whatsappik ez deusik ere, eta bideo bat bidali ahal izateko hegazkinez bidali behar genuen. Estatu espainolean korrespontsal bat bagenuen, baina, zentsura zegoenez, aireportuetan bidaiari jatorrak aurkitu eta hari ematen genizkion pelikulak. Burgosko epaiketaren garaiak eta ziren.

Ikasketak, baina, bukatu zenituen, ezta?

Bai, bi urteren ostean, Madrilera joan nintzen, Escuela Oficial de Periodismora, eta bertan bukatu nituen ikasketak. Frankismo garaian unibertsitaterik ez zegoen oraindik, eta bertako azken promoziokoa naiz ni.

Praktikak, aldiz, «ABC» egunkarian egin zenituen.

1972. urtea zen, frankismoa puri-purian zegoen, eta garai hartan ez zegoen bestelako kazetaritzarik. Bidetik ateratzen zen bakarra “Información” zen, baina bertan behera utzi zuten. Beste guztiak, ñabardurak ñabardura, oso antzekoak ziren. Pentsa, ni nintzen “ABC” egunkariko erredakzioan emakume bakarra. Ni orrialde grafikoetan nengoen, eta lankide batzuekin oso esperientzia politak bizi izan nituen, Luis Maria Ansonekin, berriz, ez hainbeste.

Orduan ere ez ziren joan-etorriak amaitu.

Ez. Karrera amaituta ezkondu eta Kataluniara joan nintzen. Hiru urte eman nituen ezkonduta, baina, banatu ostean ere, Bartzelonan segi nuen. Comisiones Obreras sindikatuan aritu nintzen lanean, prentsa bulegoan; oso urte bereziak izan ziren sindikalgintzarako. Langile mugimenduak sekulako indarra zuen eta Comisiones Obreras Kataluniako sindikatu indartsuenetakoa zen. Mobilizazio erraldoiak egiten ziren.

1984an «Egin»-eko Madrileko korrespontsalia eskaini zizuten. Nolatan jo zuten zuregana eta zergatik onartu zenuen?

Garai hartan Movimiento Comunistako publikazio batean nenbilen eta harreman pertsonalak medio eskaini zidaten “Egin”-eko korrespontsalia. Oso gustura hartu nuen ardura, eta, 1987an, adibidez, erabat dedikatu nintzen egunkarira. Epaiketa mordoa zeuden Audientzia Nazionalean orduan, pentsa, 700 epaiketen berri eman izan dut. Bertako kronika politiko eta soziala ere egiten hasi nintzen... Madrid contra la droga, Enrique de Castroren mugimendua, Vallecaseko mugimendua...

1990. urtean, baina, Euskal Herrira etorri zinen. Zergatik?

Alcala hoteleko atentatua eta gero etorri nintzen. Ni bertan nengoen egun hartan. Madrileko korrespontsala nintzen eta Josu Muguruza bera zen nire erredaktore burua; harreman oso estua genuen. Josuren bizitzarekin bukatzeaz gain, bertan geunden beste guztion bizitza markatu zuten; aztarna utzi digu Estatu terrorismoaren krimen horrek. Beste guztiak Euskal Herrira itzuli ziren atentatuaren ostean, baina ni Madrilen bizi nintzen. Madrileko giroa, baina, bero-bero zegoen garai hartan eta Euskal Herrira etortzea proposatu zidaten, segurtasunagatik batik bat. Bilboko erredakziora joan nintzen hasieran, eta, ondoren, Gipuzkoara etorri nintzen, giputxi bihurtuz. Orain Urnietan bizi naiz.

Egokitu al zara Euskal Herrira?

Zorte handia izan dut Euskal Herrian, ia berrogei urterekin etorri bainintzen. Madrilen bertan egindako lagunak nituen, abokatuak, presoen senideak... “Egin”-eko kazetariekin ere harremana banuen, Madriletik noizean behin etortzen bainintzen haiekin egon eta parrandan aritzera [barreak]. Banuen oinarri bat, baina zortea izan dut, hemen harremanak gaztaroan sortzen baitira eta zirkulu horietan sartzea ez baita beti xamurra. Nik, baina, lagun onak aurkitu ditut; mendi taldeetan ibiltzea ere atsegin dut, eta primeran egokitu naiz.

1968an entzun zenuen euskara lehen aldiz. Gaur egun primeran moldatzen zara. Nola eta zergatik ikasi duzu euskara?

Hemen bizi naizelako erabaki nuen ikastea. Nire bizitzan alde batetik bestera ibili eta nengoen tokira egokitu beharra izan dut, herri horietako hizkuntzak ikasiz, noski. Hori da normalena, izan ere, hizkuntzek erabiltzaileen izaera ere erakusten dute, pentsaera moldeak, tradizioak...

Madrilen eman nituen euskara ikasteko lehen pausuak, han hartu bainituen lagun batzuekin lehen klaseak. 1989an, oraindik Madrilen nengoela, barnetegi batean izan nintzen, baita ondoren 1991n ere; euskara ikasteaz gain, primeran pasa nuen bi aldietan. Ondoren ere jarraitu dut euskara ikasten. Bilbon lehenengo, eta, ondoren, Errenteriara bizitzera joan nintzenean, Xabier Alegria euskaltegiko irakasle nuela. Oso irakasle ona gainera! Urnietara heltzean, berriz, harremanak euskaraz egingo nituela erabaki nuen, eta oso polita izan da; kuadrillan gazteleraz aritzeko ohitura genuen, baina pixkana-pixkana euskaraz egitea lortu dugu.

Espetxean ere egunero ordubetez nire kasa aritu naiz euskara ikasten, euskara fintzen. Egunero euskaraz irakurtzen nuen, dela liburuak, dela egunkariak, dela GAUR8 bera; pentsa, asko lagundu dit astekari honek. Baldintzekin borrokatuz ere ariketa mordoa egin ditut, eta kideekin euskaraz aritzen nintzen beti.

«Egin» egunkariko zuzendariordea ere izan zinen.

1992an hartu nuen ardura hori. Oso lan polita egin genuen, egunkariari erabateko aldaketa emanez: kabezera bertatik hasi, kolorea sartu... Aldaketa prozesu luzea izan zen, jendeari entzuten, planifikazio berriak eginez... Berrikuntza prozesu oso handia jarri genuen martxan.

1998an, baina, eszedentzia hartu zenuen.

“Egin” itxi baina hilabete lehenago eskatu nuen eszedentzia. LAB sindikatura joan nintzen “Iraultzen” aldizkarian aritzeko, baina “Egin” bertako zereginetan ere jarraitzen nuen lanean. “Iraultzen”-en jarraitu nuen atxilotu arte, nahiz eta Nazio Eztabaida Gunean lehenengo eta 18/98+ lantaldean ere aritu ondoren.

Urte berean itxi zuten «Egin» eta zu zeu prozesatu egin zintuzten.

“Egin”-en itxiera terriblea izan zen. “Egin”-ek eraso dezente jasan zituen bere ibilbidean: hasi publizitate instituzionalaren boikotarekin, fax mehatxuak, mehatxu pertsonalak... Ertzaintza eta Guardia Zibila ere sartu izan ziren erredakziora miaketak egitera. Denetarik sufritu genuen, baina, hala eta guztiz ere, gu beti aurrera. Eta itxieraren ondoren, berdin, “Euskadi Información” egunkariarekin lehenik eta ondoren GARArekin. Indarra eta beharra zegoela erakutsi zen horrela.

Nola gogoratzen duzu 18/98 makroepaiketa?

Prozesatu nindutenetik banekien kartzelara joango nintzela. Argi eta garbi nuen, nahiz eta jendea kontrakoa esaten tematu. Zoritxarrez, nik nuen arrazoia. Estatu batek halako eraso bat egin, egunkari bat itxi eta inor ez kartzelatu? Espetxeratzeekin egindakoa nolabait justifikatu nahi zuten.

Elkartasun handia jaso zenuten inputatuko lagunek.

Bai, oso lan polita egin zen; astero biltzen ginen sumarioko pieza desberdinetako ordezkariak, eta, ondoren, pieza bakoitzeko kideak elkartu eta afaria egiten genuen. Bat Egin Eguna, CDak, kamisetak, Madrilera joateko furgonetak lotu, lo egiteko lekua aurkitu... Diru eta indar xahuketa handia izan zen epaiketa. 2005eko azaroan hasi eta 2007ko martxoan amaitu zen, pentsa! Gogorra izan zen, baina bertan sortutako harremanak ederrak izan dira, espetxean igarotako urteetan eta orain ere mantendu ditugunak. Kanpoan ere gure ingurukoek eta absolbitutakoek harreman polita egin dute. Giza ikuspegitik oso esperientzia polita izan da, oso jende desberdina baikinen. Epaiketa bitartean, sudokuak egiten ikasi nuen, makina bat liburu irakurri...

Lortu duzu erabateko euskal herritar sentitzea?

Bai, ni urnietarra naiz [barreak]. Hala erantzuten dut galdetzen didaten bakoitzean. Hala sentitzen dut, gustura nago eta hau da nire aberria.

Sei urte eman dituzu preso. Nolako esperientzia izan da?

Beste preso askoren espetxealdiekin alderatuta, nirea motza izan da. Esperientzia batzuk hor geldituko dira, betiko. Espetxean asko ikasten duzu, zure burua erabat ezagutzen duzu; harremanak, maitasuna... beste era batera bizi dituzu. Kanpotik beti ezagutu dut dispertsioa, nire lanbideagatik, senideen ahotik, lagunengandik... baina orain, harresien bi aldeak ezagututa, konturatzen zara behar-beharrezkoa dela dispertsioarekin bukatzea. Espetxeak pertsonak zapuzteko instituzioak dira, are gehiago euskal presoen kasuan. Sekulako indarra dago kolektiboan eta bakoitzaren konbikzio eta konpromisoak ezinbestekoak dira aurrera egiteko, edozein modu bilatzen baitute zu izorratzeko, gauza txikia ala handia izan. Hori da espetxearen alde tragikoa. Hor barruan, baina, zure denboraren jabea zara. Hori da zure askatasun espazioa, eta kideekin konpartitzeko une ahaztezinak bizi dituzu. Bizi duzun gordintasunari aurre egiteko modua da; gauza on horiek bilatzen eta ikusten ez badituzu, ezin duzu aurrera egin.

Gurasoak, familia, ondoan izan al dituzu?

Ama bizi da oraindik, eta, familiak oso gaizki pasa badu ere nire espetxeratzearekin, nire ondoan egon da. Oso pentsaera desberdina dugu, baina nirekin egon dira, maitasuna erakutsi didate eta hori ordainezina da. Hori beti egongo da hor.

2013ko azaroan berreskuratu zenuen askatasuna eta berriz itzuli zinen Euskal Herrira.

Noski itzuli nintzela Euskal Herrira, nora bestela? Nire etxea hemen daukat, Urnietan. Eta etxea niretzat aingura modukoa da.

Kazetaritza albo batera utzi duzu, baina, nola ikusten duzu egungo kazetaritza mundua?

Egia esan, pena handia ematen dit gaur egungo kazetaritzak. Eta ez da soilik kazetarien errua; sortu diren komunikazio talde erraldoietan lotura ekonomikoak dira nagusi, interes enpresarial handiak daude eta ezin da ezer kritikatu. “El País” egunkariko editorial batzuk irakurtzean amorratu egiten naiz, greba eskubidearen erregulazioa galdeginez-eta... Eskubide murrizketa izugarri bat gertatu da, begira orain gutxi onartu duten ”Mozal Legea” bera ere. Duela urte batzuk zilegi ziren gauzak gaitzesgarriak dira orain, baita euren buruak aurrerakoitzat dituzten horien artean ere. Faxismo berri bat sortzen ari da; hemen ez dago eskuin muturreko talderik, baina PPrekin beharrik ere ez dagoelako besterik ez da. Pena izugarria ematen dit.

 

«Guk egiten ez duguna ez dute besteek egingo, horregatik da garrantzitsua gaur Bilbora joatea»

Espetxetik atera eta apenas atsedenik hartu gabe, Konponbidean lehenengo eta Saren ondoren euskal presoen eskubideen alde aritu zara. Zergatik?

Espetxean erabaki nuen dispertsioaren aurka eta presoen eskubideen alde arituko nintzela kalean. Nire ekarpena non egin nezakeen pentsatzen eman nituen nire espetxealdiko azken hilabeteak. Dagoeneko ez naiz kazetaria, etapa hori bukatu nuen, nahiz eta maila batean kazetariak apaizak modukoak garen... [barreak]. Baina nire adinarekin ez nuen nire burua lan horretan ikusten. Nire ahaleginak presoen eskubideen alde bideratzea erabaki nuen dispertsioa barrutik zer zen ezagutu ondoren, are gehiago beste biolentziak eta beste egoera bortitzak eten direla ikusita. Gainera, presoen egoera kaskarra ez da soilik mantendu, sakondu ere egin dute gobernuek.

Sarek euskal presoen eskubideen aldeko sarea izan nahi du. Zergatik indartu behar da une politiko honetan?

Egoera benetan larria da, 25 urte baino gehiago bete ditu dispertsioak eta euskal jendartean presoen afera behin betiko konpontzeko gogoa, nahia, nagusi da. Herriz herri ekitalditxoak daude, manifestazio erraldoiak... Saretik horri guztiari bide bat eman nahi diogu, hori guztia saretzen, hain zuzen ere.

Zergatik da Sare herritarren arteko sarea?

Guk beti diogu behetik gora egingo dugula bidea. Herriz herri eta auzoz auzo Sare osatzen den heinean, tokian toki gauza oso desberdinak egiten direla konturatzen gara eta hori oso positiboa da. Jendea irudimena lantzen ari da, asmakizunetan dabil, gai zaharrari buelta berri bat emateko. Desberdinen arteko lanean sakontzeko. Euskal Herrian ere kontzientziazio lana behar da, gure bizilagunek ere ez dakite dispertsioak zer-nolako eragina duen edo zein garrantzia duen dispertsioarekin bukatzeak prozesuari bultzada bat emateko, bizikidetzarako... Herritar guzti-guztiekin hitz egin behar dugu. Zaila izango da une batzuetan, urteen poderioz zauriak eta hesiak eraiki ditugulako, baina horiek gainditu beharra dugu; etiketak kendu behar ditugu, gureak eta besteenak, eta eskubideez ari garela ikusarazi behar dugu, hau ez dela gai politikoa.

Zein egoera bizi dute euskal presoek egun?

Larria eta urgentea. Oso egoera gogorrak bizi dituzte euskal presoek. Adibide bat ipintzearren, orain dela gutxi jakin dut 6 urteko seme bat duen eta Kordobako espetxean zegoen bikote bat banatu egin dutela. Haurraren aita Sevillan dago orain, eta, ama, berriz, Kordoban. Ume honek zer egin behar du? Hilean bitan Andaluziaraino joan? Haurrek zergatik pairatu behar dituzte halako egoerak?

Honek argi adierazten du zer-nolako maltzurkeria dagoen dispertsioaren atzean. Hori pentsatu eta erabaki duenak, badaki zer-nolako mina egiten duen eta zertara behartzen duen umea. Dispertsioan ez dago kasualitaterik, dena guztiz diseinatuta dago.

Sareren asmoa, beraz, munduari eta Euskal Herriari dispertsioa zer den azaltzea da. Euskal Herriaren kontzientzia astindu behar da, eta astindu horretatik aktibaziora pasa, ez bakarrik urtarrileko manifestaldira begira; egunero-egunero egin behar da euskal presoen eskubideen alde lan.

Gaur Bilbon ipini du hitzordua Sarek. Zergatik da zita garrantzitsua?

Gaia geldirik edo itxita ez dagoela erakutsi behar dugu, eta, gobernuei, espainolari eta frantsesari, bertako instituzioei eta alderdi politikoei euskal jendartean presoak hurbiltzeko indarra eta eskaera nagusi direla jakinarazi behar diegu.

«Now!» leloarekin nazioarteari ireki nahi al diozue leihoa?

Liburuarekin bezala, manifestazioarekin ere munduari erakutsi nahi diogu dispertsioa zer den; horregatik hautatu dugu mundu guztian ulertzeko moduko aldarria.

Nazioartean lan egiteko bokazio badu, beraz, Sarek.

Bai, liburuxka zabalduz eta nazioarteko eragileekin harremanetan jarriz, baita Unicef eta antzeko eragileekin ere, zer gertatzen ari den azaldu nahi dugu. Madrili eta Parisi presioa eragiteko moduko giroa sustatu nahi dugu. “Parot doktrinarekin” ikusi genuen bezala, Europaren jarrera hil ala bizikoa izan daiteke. Estatu espainol eta frantsesean giza eskubideen alde aritzen diren taldeekin ere egon nahiko genuke. Finean, kontzientzia lana egin nahi dugu, pixkanaka-pixkanaka alderdi eta instituzioengana heltzeko, bai hemengoak eta baita Madrilgo bertakoak ere. Argi dagoen kontu bakarra zain geratu ezin gaitezkeela da. Hazten den belarra izan behar dugu.

Garrantzi berezia ematen diozue nazioarteak eragin dezakeen presioari.

Bai, baina lanak hemen izan beharra du abiapuntua ezinbestean. Guk egiten ez duguna ez dute nazioartean egingo, hori argi dago. Guri laguntzeko hemen indar handia dagoela ikusi behar dute eta horregatik da garrantzitsua gaur Bilbora joatea.