NAIZ
BAIONA

Aurtengo Herri Urrats Kaskarotenearen alde izango da, Seaskak lurra erosi ahal izateko

Seaskak Ziburun kokatua den lur bat erosiko duela iragarri du eta hori finantzatzeko aurtengo Herri Urratsen edizioa Kaskarotenea ikastolaren alde izango dela jakinarazi du.

Seaskako eta Kaskaroteneako ordezkariak izan dira agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)
Seaskako eta Kaskaroteneako ordezkariak izan dira agerraldian. (Sylvain SENCRISTO)

Ziburuko Kaskarotenea ikastolak azken hilabeteotan izan dituen «erasoen» ondotik, Seaskak iragarri du lurra erosiko duela ikastola berria bertan ezartzeko, Kazeta.eus-ek berri eman duenez.

Baionan egin duen agerraldian, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak nabarmendu duenez, «Guy Poulouk bere arma guziak atera ditu, gurasoen iritziak aldatzeko», baina, hala ere, «herri oso baten elkartasunarekin» erantzun du Kaskarotenea ikastolak.

«Ziburun denetan miatu» ondotik, 300.000 euroan lurra erostea erabaki dute. «Gure lehen helburua eta bakarra da ikastola garatzea», zehaztu du Indok. Diru kopuru horren finantzaziorako, Seaskak aurtengo Herri Urrats ospakizuna Kaskarotenea ikastolaren alde izango dela iragarri du. ‘@xik ikastol@’ lelopean iraganen da Senpereko ospakizuna, maiatzaren 10ean.

Egun Kaskarotenean 14 haurrek ikasten dute eta, Seaskako ordezkariek iragarri dutenez, datorren ikasturterako beste lau gehiago espero dira. Eremu berriarentzat ordura arte erabili dituzten prefabrikatuak erabiliko dituzte, baina horietaz gain, gela berri bat eta aterpe bat beharko dituzte. «Bildurik segitu behar dugu Ziburuko ikastolaren proiektua aitzinatzeko», adierazi du Indok.

Paueko Auzitegiak eguneko 100 euroko isuna ezarri zion Kaskaroteneari iragan irailaren 1etik aurrera. Urriaren 17an, 4.370,30 euroko isuna eskatu zuen epaitegiko idazkariak eta ondotik Guy Poulou alkateak galdegin zuen 400 eurora igotzea eskatutako diru kopurua. Epaitegiak ez zion arrazoia eman, baina ordutik eguneko 100 euroko isuna ordaintzen jarraitu dute.

Isunari aurre egiteko, kanpaina jarri zuen abian Seaskak eta laguntza Euskal Herri osotik iritsi zen.