Iurre BIDEGAIN
Entrevue
Hur Gorostiaga
Seaskako zuzendaria

"Bukatu behar genuen gatazka, auzapeza aurrerago joan aitzin"

Oztopoz betetako ibilbide baten ondotik, Seaskak iragarri du Ziburuko ikastolak Marinela auzoan lurra erosiko duela Kaskarotenearen gune berria hor ezartzeko. Hur Gorostiagak, Seaskako zuzendariak adierazi du nolakoa izan den "erabaki zail" hunen hartzeko prozesua eta zergatiak.

Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria. Argazkia Gaizka IROZ.
Hur Gorostiaga, Seaskako zuzendaria. Argazkia Gaizka IROZ.

Zergatik hartu duzue Marinela auzoan lurra erosteko erabakia?
Ez genuen beste aterabiderik. Auzapezak hitz eman zigun haurtzaro gune bat sortuko zuela ikastola bertan kokatzeko, baina bi urte eta gero auzapezak bere hitza jan du. Haurtzaro gunerik ez izanik, azken hilabeteetan hainbat entsegu egin ditugu denak bideragarriak. Proposamenak egin ditugu eta auzapezak beti bere betoa eman du. Gure kezka zen Ziburuko ikastolaren egoera zailean ere ikasle kopurua gora egiten zuela, 14. haurra urtarrilean sartu da. Bagenekien fite geunden tokian ez ginuela segitzen ahalko.

Noizko prest izanen da Kaskarotenearen eremu berria?
Auzapezak beste gune publikorik ez duenez utzi nahi, azkenean ikusi dugu aterabide bakarra lur hori erostea zela. Kanpaina abiatu dugu lurra erosteko, datorren egunetan espero dugu lurra erosteko engaiamendua izenpetzea eta ahal bezain fite instalatzea. Egia erran lurra erosi, permisa pausatu eta hastapen batean ditugun prefabrikatuak tokiz aldatu eta ahal bezain fite joatea espero dugu. Posible bada apirilako bakantzen ondotik, baina hortarako kanpaina ongi aitzinatu behar da. Berantenik heldu den sartzerako han izango gara.

Zer egin duzue hautu hori hartu baino lehen?
Ibili gara lur bat alokatu nahian Ziburun. Etxe bat alokatzeko asmoa genuen. Lur saila zuen etxe bat erosteko aukera begiratu dugu, baina nunbait espekulazioaren kalteak nabari baldin badira, hori Ziburun da. Ipar Euskal Herrian badakigu asko espekulatzen dela, baina Ziburun gailur altu batetara iristen gara. Jendeak udarako alokatzen dizu etxea eta badakigu hor ez direla eskolak. Lur bat erosteko jakin behar da gaur egun Ziburun gelditzen diren lur guti horien jabeak Euskal Herritik kanpo bizi direla eta espekulatzaile hutsak direla. Egoera ekonomiko hobe bat izatea itxoiten ari dira, lur horiek ahal bezain garesti saltzeko. Genuen tartea oso tipia zen eta azkenean lortu dugu ziburutar batek 700 metro karratuko lurra saltzea 300.000 eurotan. Egia da konparatzen badugu barnekaldeko herriekin garestia dela, baina Ziburuko egoera ezagutuz, uste dut ahal bezain ongi egin dugula.

Zaila izan da lurra erosteko erabakia hartzea?
Ez da erraza izan. Diru beharretan zaudenean beste gastu bat egitea ez da erraza. Baina uste dut Seaskaren historian, sortu zenetik gauzak diruarekin pentsatu bagenitu ez genituela egingo. Lehen ikastola abentura bat izan zen eta geroztik hamaika abentura izan dira. Egia da hainbat eremutan lortu dela gune publikoetan izatea, eramandako borrokaren ondorioz. Ziburun parentesia bat egin du ikastola hunek, lur pribatu batera joanen da, baina guk argi dugu etorkizunari begira nahi edo ez hautetsiak pasako direla eta ikastola hor egonen dela. Behar duguna ikastola sendotzea da, gurasoak babestea, zeren azkenen aldietan sekulako kolpeak jaso dituzte. Indarrak hartu eta ikusiko duzu nola Ziburuko ikastola izanen den proiektu sendo bat, bikaina eta beste hainbat hazi botako dituenak.

Gizarteak nola jaso du irtenbide pribatu bat hartzeko erabakia?
Jendeak ikusi du haurrak eta gurasoek zein borroka egin duten. Uste dut denek aterabide baten beharra ikusten genuela. Auzapezak eta bere axuantak aterabide oro trabatu dituzte eta guk genuen azken aterabidea martxan jarri dugu. Gurasoen aldetik eztabaidatu da eta gehiengo zabal batek horren alde egin du aterabide bakar gisa ulertu dugulako. Uste dut jendeak ulertuko duela. Gero baten batek erraten badu "erosten baduzue lur bat, zer erranen du ez dakit nongo auzapezak…", jendeak hori komentatu dezake eta nik erantzungo dudana da, Guy Poulou azken auzapeza dela. Bukaera eman behar genion gatazka honi, auzapeza aurrerago joan aitzin.
Etorkizunean denborak erranen du erabakia ona edo txarra izan den.

Bihar beste Guy Poulou bat ateratzen bada edozein herritan?
Hautetsiek ez dute ulertu Pouluren jarrera, beste garai bateko jarrera izan du eta itsutu da. Ez da beste horrelakorik gertatuko eta gertatzen bada hortzak erakusteko prest izan beharko dugu. Azken finean, arazoa da euskarak ez duela inolako gizatasunik eta batzuk prest dira ezer egitea gure ikastolen garapenerako. Zorionez beste garai batzuetako jendeak dira eta dinosauru batzu bizirik baldin badira oraindik, badakigu azkenean desagertzen direla eta naturak irabaziko duela.

Zer pentsatuko du Ziburuko auzapezak erabakiari buruz?
Egia erran bost axola. Bere konzientzia beretako da eta erran dituenak erran ditu. Horrek historiako liburuak beteko ditu.