Istanbuleko Protokoloaren inguruko ikerketa Lakuako Giza Eskubideen Batzordean aurkeztu zuten iazko azaroan. Alderdi guztietako politikariek entzun zuten azalpena eta denek metodologiaren sendotasuna nabarmendu zutela ekarri du gogora Iñaki Markezek.
Ordutik hona, Lakuako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzak 1960-2013 aldian izandako tortura salaketak ikertzeko abian jarritako proiektuan parte hartzeko gonbita jaso eta onartu egin dute Istanbuleko Protokoloaren ikerketan aritutako hainbat profesionalek. Tartean, Barrenetxeak eta Markezek berak. Lan «nekeza» izango dela argi dute biek, tortura kasu batzuk orain dela ia mende erdi gertatutakoak direlako; «erresistentzia handiak aurkituko ditugula aurreikusten dugu, zaila da hainbeste denbora igaro ostean inkomunikazioko egun horietara itzultzea –dio Barrenetxeak–. Ondoren, zauria behin irekita, pertsona horiekin egin beharreko zaintza ere handia izango da».
Lau urteko ikerketaren ostean, 45 kasu baieztatzea lortu dute, orain, baina, azterketa berria kuantitatiboki aurrerapauso nabarmena izango delakoan dira. «200 kasu inguru ikertzen baditugu, emaitzak estrapolatu ahalko dira, eta, beraz, ikerketa honetatik ondorio benetan interesgarriak atera daitezke», dio itxaropentsu bizkaitarrak.
Paco Etxeberria auzitegiko medikua buru duen EHUko Kriminologia Euskal Institutuarekin batera ari da lanean Jonan Fernandezen idazkaritza. Lehen erroldaren emaitzak orain astebete jakinarazi zituzten eta oraingoz Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren 3.587 tortura salaketa erregistratu dituztela eman dute aditzera. Salaketak Espainiako Polizia Nazionalaren, Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren kontrakoak dira.
Ikerlana 2016ko irailean osatzea espero dute. Ordura arte, lanak hiru fasetan egingo dira, bost azterlan osagarri barne hartuz. Lehen fasean, sei eta zortzi hilabete arteko iraupena izan duena, salaketak zenbatetsi dira, tratu txarren eta torturen prebalentziari buruzko informazio agiri erabilgarrien azterlanaren txostena eginez eta hainbat iturriko informazioa aztertuz, hori guztia aurkeztu berri duten errolda osatzeko.
Orain abiatuko dute bigarren fasea, bederatzi eta hamabi hilabete artean iraungo ditu, eta, egiaztapena izango da fase honen helburu nagusiena. Lan horretan arituko dira Barrenetxea eta Markez, beste hamaika psikologo eta psikiatrarekin batera. 200 kasu adierazgarri eta 40 kasu enblematikoren azterketa kualitatibo, narratibo eta berariazkoa egingo dute datozen hilabeteotan.
Hirugarren fasean, amaierako txostena osatzea aurreikusten dute, ondorioak eta gomendioak jasoz.