Amaia U. LAGASABASTER
Entrevue
Mikel ARRUABARRENA
Eibarko jokalaria

«Ikusi dugu zer gertatzen den ez badugu denok gure onena ematen eta batera lan egiten»

Azken bi urte eta erdian futbolaren alde goxoena bizitzen ari da, baina aurretik une latzak ere bizi izan ditu Eibarren kamisetarekin. Horregatik, beharbada, argi dauka zein den aurrera egiteko formula: gorri-urdinen ohiko ezaugarriei eutsi, besterik ez. Eta ziur dago taldeak jakite hori aplikatuko duela bolada txarretik irten eta hirugarren urtez jarraian denboraldi borobila ospatzeko.

Adore falta taldearen hiztegian agertzen ez dela esan zuen Gaizka Garitanok El Madrigalen bosgarren porrota jarraian jaso ondoren. Mikel Arruabarrenak ez dauka hain argi eta gorri-urdinak «pixka bat desanimatuta» daudela onartzen du. Baina bat dator bere entrenatzailearekin, etorkizunera begiratzean: «Aurrera egiteko gai gara».

Inguruan txapliguak botatzen ziren bitartean, taldeak une latzak ere etorriko zirela azpimarratzen zuen. Ez dakit, ordea, heldu arte guztiz sinisten ote zenuten.

Ez da erraza, ez. Bi urte eta erdian dena ondo irten zaigu, toperik gabe ibili gara, eta ez gaude ohituta honelako uneak bizitzen. Baina bai, bagenekien hau gerta zitekeela, denboraldian zehar taldeek gorabeherak dituztela eta gu ez ginela gutxiago izango horretarako ere. Hala ere, egia da unea heltzen denean pixka bat desanimatzen zarela. Baina guk hori esaten badugu, zer esango dute 18 puntu dituztenek? Dinamika txarrean gaude, gauzak azkenaldi honetan ez dira irteten, baina 27 puntu ditugu. Guk irabazi ditugu guztiak, badakigu nola, eta jakite horren bidez badakigu aurrera nola egin.

Nola? Beteranoenek une latzak bizi dituzue Eibarren, baina egungo talde honek poza eta arrakasta besterik ez du ezagutu. Gai al da egoerari buelta emateko?

Noski baietz. Eta bestela hor dago gure jefea. Gaizkak prestatu gaitu honetarako ere. Beti egiten dugu lan irabazteko, baina une kaxkarragoak heltzen direnean prest egoteko eta hortik irteteko ere bai. Udan nork ez luke sinatuko mailan mantentzeko aukera azken jardunaldian jokatzea Kordobaren aurka? Ba hori oraindik posible da, eta hori saihestea ere, mantentzea lehenago eskuratuz, posible da. Ezin gara larritasunekin ibili. Egia da pixka bat desanimatuta gaudela une honetan, baina konfiantza badugu, helburua gertu dago eta ziur gaude lortuko dugula.

Zer aldatu behar duzue bidearen azken zati hori ibiltzeko? Zer aldatu da azkenaldi honetan erritmoa horrenbeste gelditzeko?

Gauza asko, ziur asko. Denboraldian dauden gorabeherak. Eta batzuetan zortea, bajak... Baina autokritika ere egin behar dugu, eta adibidez, konfiantza gehiegi ere eduki ahal izan dugu. Lehen itzulia amaitu 27 punturekin eta... Askotan zarena baino gehiago zarela pentsatzen duzu. Eta hankak lurrean izan behar dituzu. Guk batez ere. Azken partida hauetan guk geuk ikusi dugu zer gertatzen den denak ez bagoaz bide batetik eta intentsitatea jaisten badugu: edozein taldek irabazten gaituela, eta erraz. Zorionez, azken bi partidetan beste itxura bat eman dugu, jarraitu behar dugun bidetik ibiliz. Denok batera, eta afizioari buruz ere ari naiz, lan eginez, lagunduz, ahaleginduz... Denok gure onena ez badugu ematen oso ahulak garela ikusi dugu.

Kanpotik ikusita beste arazo bat nabaritzen da. 15-16 jokalarik ibili dituzue orain arte maratoi honen kilometro guztiak.

Ikasi beharra dago. Mantentzea lortuz gero, eta ziur nago lortuko dugula, bizi izan dugunaren ondorioak aztertu. Adibidez, Lehen Mailan 25 jokalari behar dituzula. Eta 25 jokalariek garrantzitsu izan behar dutela une bat edo baten. Gorabeherak beti egongo dira eta batzuk behean daudenean, besteek irten eta maila mantendu behar dute. Horretarako denok ahalegindu behar gara. Eta egia da, baita ere, jokatzeak ematen dizun konfiantza ez duzula beste inon topatzen, gutxi jokatzen baduzu konfiantza galtzen duzula eta zailagoa dela gero beharrezko maila hori ematea. Bueno, denboraldiko helburua hori ere izan beharko da, mantentzea lortu eta ikastea.

Konfiantza diozu. Hori da taldeak behar duena, garaipenek bakarrik ekar dezaketen konfiantza?

Dudarik ez. Ondo jokatu barik irabazten duzunean ez zara hainbeste konturatzen. Baina kontrakoa gertatzen denean... Zorteak ere alde egiten duela ematen du. Ziur nago, adibidez, lehen itzulia nola joan zen ikusita, joan den astean Elxen aurka jokatutako partida irabazi izango genuela. Kosta egiten du honelako dinamikei buelta ematea, lehen emaitza on hori lortzea. Ez du garaipen bat izan behar; puntu bat, puntu landu bat, aurkari on baten kontra... nahikoa izan daiteke. Lehen baino lehen heltzea espero dut.

Oso partida egokia izan daiteke igandekoa. Emango lizuekeen bultzadagatik eta Athleticen aurka jokatzeko unerik aproposena ere izan daitekeelako.

Egokiena, denagatik. Alde batetik, bultzada bikoitza izango litzatekeelako. Baina baita jokatzeko orduan ere. Zelaia bete-beteta egongo da, jendea oso motibatuta. Batzuetan topiko bat dirudi, baina izugarria da harmailak beteta ikustea eta zaleen indarra sentitzea, nola laguntzen zaituen. Eta kirol mailan ere, une egokia izan daiteke. Emaitza garrantzitsuak lortzetik dator Athletic, animatuta, baina Ipuruara etorri aurretik Turinen kontra jokatuko du, hurrengo astean Kopa... Fisikoki eta emozionalki nabaritu dezake hori guztia. Halere, partida gogorra, intentsua eta zaila espero dut.

Oroitzapen gertukoenak ez dira batere txarrak. Batez ere zuretzat. Duela bi urte gola sartu San Mamesen eta Kopako sailkapena ospatu zenuen. Nola aldatu dira gauzak.

Oso oroitzapen bereziak. Beti esaten dut hori izan zela Eibarren bidea aldatu zuen partida. Kanporaketa hori pasatu ondoren, taldeak gorantz egin zuen eta hortik aurrera arrakastaz arrakasta eta pozez poz ibili gara Lehen Mailara heldu arte. Oraindik ere kostata sinisten dugu zer lortu dugun denbora honetan. Zortea daukagu disfrutatzen ari garenok, eta askotan akordatzen naiz disfrutatu ezin izan dutenez baina hona heltzen lagundu zutenez. Ez bakarrik azken denboraldietako jokalariez; historian zehar kamiseta hau defendatu duten guztiez, denek egin dutenari esker baikaude hemen. Beraiengatik ere gure onena ematen saiatu behar gara.