GARA

Garoña ixtearen kontrako helegiteak aztertzeari uko egin dio Gorenak

PPren Gobernuak Garoñaren bizitza luzatzeko hartu duen erabakiak zentzugabeko bihurtu ditu Rodriguez Zapaterok 2009an zentrala ixteko hartu zuen erabakiaren kontra aurkeztu ziren helegiteak. Hori dio Gorenak Nuclenorren eta akzionista talde baten helegiteak baztertzeko.

Bederatzi helegite aurkeztu ziren 2011n Auzitegi Goren espainolean Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak 2009an Garoñako zentral nuklearra 2013rako ixteko hartu zuen erabakiaren kontra. Horien artean, Nuclenor enpresa, akziodun talde bat, elkarteak, sindikatuak eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren helegiteak zeuden. «Diario de Burgos» egunkariak atzo jakitera eman zuenez, helegite horiek guztiak atzera bota ditu Gorenak. Baina ez du aztertu arrazoirik zuten ala ez. Zentzurik ez dutela nabarmendu du. Izan ere, Mariano Rajoyren Gobernuak Garoñako zentral nuklearraren bizitza luzatzeko hartu duen erabakiak PSOEk zentrala ixteko hartu zuen erabakia zapuztu du. Ondorioz, itxieraren kontrako helegiteek ez dute gaur ez hanka ez bururik, zentral nuklearra irekita dagoelako.

Egoera honetan, Gorenak dioenez, helegiteak aurkeztu zituztenek ez dute kosturik pagatu beharko, atzera bota badituzte ere. Ecologistak Martxan-ek eta Greenpeace-k helegiteak aurkeztu zituztenek kostu horiek ordain ditzatela eskatu zuten.

Aurkeztu ziren bederatzi helegiteetatik bik soilik egin dute aurrera Gorenaren azken erabaki hau iritsi arte. Nuclenor enpresarena eta akziodunak biltzen dituen Aemec elkartearena (Kotizatutako Enpresen Akzio-gutxiengodunen Elkartea) izan dira. Gorenaren esanetan, helegite horiek «legezkoak diren interes ekonomiko edo ondare interesen defentsan zentzurik ez dute dagoeneko». Izan ere, zentrala ez baita itxi.

Nuclenorrek kalte-ordaina eskatu zuen Zapateroren Gobernuak hartu zuen erabakiagatik. Gorenak atzera bota du asmo hori, Administrazioak ez baitu inolako desjabetzerik egin eta enpresak ez duelako inolako kalterik jasan.

Hilaren 4an plazaratu zuen Gorenak epaia eta bertan justiziaren jarduera biziki motela izan dela onartzen da argi eta garbi. Dagoeneko indarrean ez dagoen itxiera bat aztertzen ari dela nabarmentzen du Gorenak, legea aldatu delako eta orduan nuklearraren kontra zeuden oztopoak gaur egun desagertuak direlako.