NAIZ
DONOSTIA

Gizarteari erantzuna emateko deia egin diote Donostian ‘Elkartasuna aurrera’ lelopean

Asteazkeneko atxiloketei erantzuna eman asmoz, ‘Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera’ lelopean martxa ospatu dute Donostian. Etxerateko kide den Maite Alustizak gizarteari dei egin dio «erantzuna eman dezan».

Presoen eskubideen eta elkartasunaren alde Donostian egindako mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Presoen eskubideen eta elkartasunaren alde Donostian egindako mobilizazioa. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

Milaka pertsona batu dira Donostiako kaleetan asteazkeneko atxiloketak salatzeko deitutako martxan. 6.000 pertsonatik gora bildu dira ‘Preso eta senideen eskubideen defentsan, elkartasuna aurrera’ zioen pankartaren atzetik.

Abiatu aurretik, Mati Iturralde, Jaiki Hadiko kideak, presoen «osasuna bermatzen» jarraituko dutela aldarrikatu du, konpromezua mantenduz. Ildo beretik, Etxerateko kidea den Maider Alustizak atxiloketak salatu egin ditu. «Senideak izateagatik atxilotu gaituzte, baina ez dugu guk aukeratu, egokitu egin zaigu». Hau dela-eta, gizarteari «erantzuna emateko» eskaera luzatu du.

Hainbat ordezkari politiko eta sindikal izan dira mobilizazioan. EH Bilduko Julen Arzuagak «presoen eskubideen alde pauso bat emateko unea» dela adierazi du. Zentzu berean, LAB-eko ordezkariek, atxiloketak «inflexio puntua» izan direla defendatu dute.

‘Pastor’ operazioan atxilotutako lau pertsonek gidatu dute mobilizazioa, hainbat eragilerekin batera. Hauen atzetik ehundaka senide bildu dira, eta azkenik milaka herritar. Oihana Barrios, Izaskun Abaigar, Nagore López de Luzuriaga eta Fernando Arburuak, mobilizazioaren amaieran, hitza hartu dute.

Honela, arlo publiko zein pribatuko medikuak direla gogorarazi dute eta euren lana «inoren agindurik gabe», mediku diren moduan, «jendea sendatzea» dela aldarrikatu dute. Eta horretan jarraitzeko konpromezu garbia erakutsi. Era berean, atxiloketak «presoen osasunaren eskubidearen aurka» doazela salatu dute.

Bertan izan dira EH Bilduko ordezkariak, baita LAB, ELA edo Hiru sindikatuetako kideak ere.