Korrikari Euskal Herria txiki geratu zitzaionekoa
Berezko 2.000 kilometrotik gorako ibilbidea nahikoa ez eta munduaren hamaika txokotan ‘euskahaldundu’ dira herritarrak Korrikaren 19. edizioarekin. Parisen eta Madrilen, Liverpoolen eta Berlinen, Buenos Airesen eta Shangain, Stockholmen eta Nikaraguan dozenaka kilometro gehiago batu zaizkio aurtengo euskararen aldeko lasterka ariketari.
Euskalduna dagoen tokian dago ‘euskahalduna’ eta beraz Urepeletik Bilborako 2.000 kilometrotik gorako ibilbideak ez ditu denak barnebiltzen, horren adierazle inoiz baino urrunago iritsi dela Korrikaren aurtengo edizioa.
Urepelen abiapuntua jartzerako munduko hainbat txokotan 19. Korrikaren lekukoak lehen pausoak emanak zituen. Masaya herrian, adibidez, Nikaraguan. Bertan dira Bihotz Marin, Laura Muela, Naiara Perez eta Edurne Zabaleta EHUko ikasleak, bertan euren ikasketen amaieran eta eskolako ikasleak omendu asmoz antolatu zuten lasterkaldia. «19. Korrika. Euskal Herria - Nikaragua» zioen marrazkiz beteriko zapiaren atzetik jardun zuten bertako haurrek. Aurrez halakorik ikusi gabe izango ziren herri hartan, eta antzera Saharako errefuxiatu eremuetan ere.
Masaya (Nikaragua) |
Sahara |
Ez da euskahaldunak agertu diren Afrikako txoko bakarra, hegoalderago, Johannesburgeko Soweto auzoan 4 kilometroko ibilbidea egin zuten bertan diren gazteek. Hamaika hizkuntza daudela Hego Afrikan eta hamabigarrena, euskara, batu diotela zioten Korrika ospatu osteko amaierako bertsoan.
Horren leku txikian hizkuntza gehien dituen lekua New York izango da ziur aski, eta bertan ere topatu du aurtengo edizioan euskarak bere lekua. Albistearen berri ematean, Mikel Reparaz kazetariak zioen 800 hizkuntzatik gora hitz egiten direla hiri estatubatuarrean. Horien artean, euskara.
Urrutira begiratzen hasita, Sidney agian Euskal Herritik urrunen dagoena. Hala ere, Urepele eta Bilbo arteko puntu bat gehiago izan dela dirudi:
Zarata handirik atera gabe Shangain aritu ziren Korrika bertako euskahaldunak. Ekitaldi jendetsuak egitea ez omen da posible eta bazterretik jardun zuten kilometro luzez. Hori bai, lanak amaituta babarrun jan dotorea egin zuten kantu giroan.
Gerturago etorrita, aurten bigarren aldiz Munichera iritsi da [bideoa + argazkiak] euskararen aldeko ekimena. Bertako Euskal Etxeak antolatuta dozenaka lagun elkartu ziren «tipi tapa, tipi tapa, Korrika» oihupean.
Liverpool ere euskahalduntzeko plaza garrantzitsua ari da bilakatzen. Korrika ospatu dute eta bertako argazkiak bidaltzearekin batera euskarak bertan hartu duen garrantzia azpimarratzen zuten parte hartzaileek. Unibertsitatean euskara irakasten hasi ziren orain hiru urte eta iaz Manuel Irujo katedra abiatu zuten Etxapare Institutuarekin elkarlanean [argazkiak]. Bertatik gertu, ohikoak euskal jai, ohitura eta aldarrikapenen egutegi propioa gauzatzen London Basque Societykoak. Korrikan ezin zuten hutsik egin, noski!
London |
Paris |
Paris izan zen munduko Korriketan goiztiarrena, martxoaren 7an abiatu zuen bertan lekukoak euskahaldunen bidaia. Okzitaniarren artean ere arrakastatsua izan zen, Tolosan «Toulouse aussi parle basque» zioen pankartekin egin zuten lasterka bertako euskahaldunek [argazkiak].
Europako hirien bueltari jarraituz, Korrikaren 19. edizioak bere kilometroak egin ditu Stockholmen, erreportaje honen hasierako bideoa, eta Dublinen, Corken, Poznanen, Madrilen edo Berlinen, besteak beste:
Dublin |
Cork |
Poznan |
Madril |
Berlin |
Argazki eta bideotan parte hartzaileek adierazten duten aurpegiari begiratu besterik ez dago zer ilusiorekin antolatu dituzten aurtengo korrikaldiak. Jende asko ala gutxi, giro ederrean joan direnak. Grezian Tesalonikan egin zuten eta zitara ezin zen falta Bartzelona, horrenbeste euskaldun, euskahaldun eta euskarara gerturatzen ari diren herritar dituen hiria. KorriCursa hauen kasuan:
Zortzigarren herrialdea
Euskal diasporak leku sakraturik badu amerikar kontinentea da eta Korrikak zortzigarren herrialdea marrazten du bertan. Martxoaren 14an Buenos Airesen izan zen lehen agerraldia, gastronomiari loturiko hiriburu argentinarreko azoka baten baitan. Buenos Airesen bertan, Euskal Echea deritzon eskolan aste honetan ospatu dute Korrika Txikia eta gogoz jardun dute bertako ikasleek eguna prestatzen (argazkiak)
Euskal Herrian euri eta elur artean igaro delako Korrika, bestela ez zen erraza izango Korrika saio hau Euskal Herritik milaka kilometrora, Necochean egindakoa dela asmatzea:
Ez pentsa beroan izan direnik, ordea, guretik urrun egindako Korrika denak. Mikel Martinez aktoreak Twitterren hedatu zuenaren arabera, 12 gradu zeropetik izan zituzten Quebecen egindako Korrikan!
#korrika2015 MONTREAL-en minus 12 gradutan. pic.twitter.com/YyiD21hdvl
— Mikel Martinez (@mikelbiko) March 22, 2015
Zerrendara batzekoak dira Txileko Santiagon egindako argazki jendetsu hau, Cancuneko giro epelean egindako Korrika eta Ameriketako Estatu Batuetako New Portekoa:
Santiago |
Cancun |
New Port |
Deialdi bereziak
Cancunen kasuan, deialdia berezia izan da, gainera. Maia hizkuntzaren eta euskararen arteko harremana lantzeko baliatu baitute Korrika.
Hala ere, deialdi bereziak txoko guztietatik iritsi dira. Bartzelonan Korrika iragartzeko kanpaina berezia burutu zuten, «atera mihia kalera!» edo «treu la llengua al carrer» izenburupean. Eskoziako hiriburutik, Edinburgetik ‘Trainspottin’ erara egin zuten eta Peruko Limatik errezeta oso bereziak prestatuz. Argentinako La Platan gaizki ulerturen bat edo izan zen, Urepelen Korrika abiatu zen egun berean agertu baizen euskahaldun bat hiriko Plaza Morenora:
Bartzelona |
Edinburg |
|
Lima |
La Plata |
Ez da bukatu
La Platako Plaza Morenoko gazteak gaur izango du bertako Korrikan parte hartzeko aukera. Izan ere, oraindik asko dira txapela buruan eta Korrika munduan egitekotan. Agenda bete ekimen dira azken txanpara begira (NAIZ: AGENDA-n denak).