@Belastegi
DONOSTIA

Zortzi orduko elkarretaratzea hasi dute Donostian, Anza auzian egia galdegiteko

2009an desagertu eta 10 hilabete geroago Okzitaniako Tolosan hilda agertu zen Joan Anzarekin gertatutakoaren gainean argia jarri nahi dute senideek. Horretarako, Estatu frantsesari salaketa zioten eta bista gaur hasiko da Parisen. Euskal Herritik babesa Egiari Zor elkartetik dator, zeinek zortzi orduz mantenduko den elkarreratzea hasi duen.

Zortzi orduko elkarretaratzea egingo dute Donostian. (ARGAZKI PRESS)
Zortzi orduko elkarretaratzea egingo dute Donostian. (ARGAZKI PRESS)

«Jon Anzaren senideek Frantziaren aurkako salaketa aurkeztu dute. Familiak Jon Anzaren heriotzaren inguruan izandako akatsak salatu ditu eta mobilizazio honen bidez babestu nahi ditugu. Gure elkartasuna eta maitasuna helarazi nahi dizkiegu Euskal Herritik euren salaketa gurea eginez», gogoratu du Nagore Mujika Egiari Zor elkarteko kideak. Izan ere, gaur hasiko da Parisen Estatu frantsesaren kontrako bista, Anzaren heriotzaren inguruan gelditzen diren galderak argitzeko asmoz.

Mujikak gogoratu bezala, Anzak 2009an apirilaren 17an Baionan trena hartu zuen Okzitaniako Tolosara joateko baina hura izan zen ikusi zuten azken aldia. «Gerra zikinaren itzalak ilundu zuen bizirik aurkitzeko itxaropena. Ikerketa asko egin izan dira geroztik egun auzia artxibatuta dago. Dena dela  puntu beltz ugari daude prozeduran», aipatu du. 2009ko apirilaren 30etik aipatu hiriko Purpan erietxean egon zen eta maiatzaren 11an hil egin zen. Hala ere, familiak ez zuen horren berri izan hamar hilabete igaro ziren arte.

Hori dela-eta, galdera ugari dituzte senideek Parisen gaur hasiko den auzian argitu nahi dituztenak. «Non egon zen Jon desagerturik egon zen 12 egunetan? Zergatik gorde zuten gorpua erietxean 12 hilabetez autopsia egin gabe eta baldintza kaskarretan? zergatik ez zuten egin ikerketarik Tolosan 2010eko martxora arte gorpua han zegoela jakinik? Nola pentsa daiteke egon diren disfuntzioak normalak izan daitezkela ETAko militante baten kasuan?», galdetu du Mujikak.

Parisera joandakoei babesa emateko Egiari Zor-eko kideek zortzi ordu igaroko dituzte Donostiako kalean «egia jakin nahi dugu» esaldia gazteleraz, ingelesez eta frantsesez duen pankarta eta Jon Anzaren argazkia erakutsiz.  

Agerraldia amaitzeko, elkarteko kideak esan du egia ezagutzea Euskal Herrian bakea, normalizazioa eta bizikidetza demokratikoa lortzeko elementu garrantzitsu bat dela. Era berean, memoria kolektiboa eraikitzeko egia oinarrietako bat izan behar dela azpimarratu du.