naiz

Sare: «Istripu hauek ez dira kasualitatea, ez dira zorte txarra»

Sare kolektiboak euskal presoen senideen urteko lehen istripua salatu du, gogora ekarriz kasualitatea edo zorte txarra ez direla, baizik eta «dispertsioa espetxe politika krudela eta kontzienteki norbaitek hala erabakitako neurri bat» dela.

Istripuaren irudia. (NAIZ)
Istripuaren irudia. (NAIZ)

Iragan larunbatean, Adur Fernandez preso donostiarraren lagun batek istripua izan zuen etxera itzultzen ari zenean Valladoliden bisita egin ostean. Honen harira, Sarek salatu egin du «espetxe politika bidegabe batek» behartzen dituela senide eta lagunak «ordu txikitan esnatzera, nekea gorputzean dutela ordu luzez gidatzera, kilometro andana egitera, guzti horrek errepideetan barrena dakartzan ondorio guztiekin».

Hau dela-eta, azpimarratu egin dute, erantzuleak dituela: «Ez da kasualitatea, ez da zorte txarra eta ez da soilik estatistika kontua, dispertsioa espetxe politika krudela eta kontzienteki norbaitek hala erabakitako neurri bat da».
 
Zentzu honetan, dispertsioarekin eta istripuekin amaitzea eskatu du Sarek. «Antola gaitezen, sor dezagun sare bat, eman diezaiogun indar batak besteari, eta bultza dezagun denok norabide berean», aldarrikatu dute ohar batean.
 
Gatazkaren konponbidean aurrerapausoak ematea eskatu dute. Horregatik, deialdieta batzeko gonbitea luzatu dute. Azkenik, bide honetatik, apirilaren 18 eta 19an izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diote gizarteari.