Hasi eta amaitu ikusgarria izan den Itzuliak neurriko amaiera izan du, azken segundoan, azken txirrindularia, Henao liderra, helmugaratu denean erabaki baita dema. Henaok kale, Purito Rodriguezek izugarri eta berarentzat Itzulia. Etapa Tom Dumoulinentzat izan da. Gaurko beste protagonista nagusia Ion Izagirre. Erlojuaren aurkako lan bikaina egin eta egun hauetan Quintana liderrarentzat lanean aritu behar izan duen arren, podiumean berak bukatu du, hirugarren postuan.
Etapan, beraz, Dumoulin nagusi eta Joaquim Rodriguez bigarren 4 segundora, Ion Izagirre hirugarren 5era eta gaur arte lider zen Sergio Luis Henao 17 segundora. Lan bikaina egin du Beñat Intxaustik ere (5. etapan 21 segundora).
Aiako erlojuaren aurkako lanaren ostean, beraz, Purito Rodriguez nagusi eta Henao 2. 13 segundora. Podiumean hirugarren lekuan Ion Izagirre (+29), eta ustez bere taldeko liderra behar zuen Naairo Quintana laugarren (+38).
Mendia Omar Frailerentzat
Euskal herritarrek protagonismo berezia izan dute Itzulian aurten eta Ion Izagirreren lorpenak borobildu du parte hartze garrantzitsu hori. Egunero onenen artean muturra sartuz Caja Ruralekoak izan dira eta gaur saria. Omar Frailerentzat izan da mendiko sailkapena (bigarren Amets Txurruka taldekidea izan da). Tarteko helmugetan ere larri zen Fraile, baina azkenean Louis Vervaekek eraman du saria.