NAIZ
BAIONA

Hiru urteko espetxe zigorra bete beharko du Intza Oxandabaratzek

Parisko Auzitegiak urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio Intza Oxandabaratzi, baina aurretik zuen bi urteko zigorra betetzera ere behartuko du, beraz, guztira hiru urte egin beharko ditu.

Intza Oxandabaratz, gaur Donibane Garazin. (Bob EDME)
Intza Oxandabaratz, gaur Donibane Garazin. (Bob EDME)

Intza Oxandabaratz urtarrilaren 21ean epaitu zuten, «ETAko kide izatea» leporatuta eta fiskalak lau urteko espetxe zigorra eskatu zuen. Aurretik beste bi urteko kondena zuen eta hori ere lau urtekoari gehitzeko eskatu zuen orduan.

Gaur eman du ezagutzera epaia Parisko Auzitegiak eta urtebeteko espetxe zigorra ezarri dio, baina aurretik zuen bi urteko kondena betetzera ere behartuko du. Beraz, orotara hiru urte egin beharko ditu Gamartekoak. Erabakiaren aurka Kasazio auzitegian helegitea jartzeko aukera du.

Bestalde, baldintzapeko askatasuna eskatzeko aukera ere izango luke. Hala balitz, erabakia aztertu bitartean, Oxandabaratz aske gera daiteke. Hala ere, epaileek baldintzapeko askatasuna aztertu bitartean espetxeratzea erabaki ahalko lukete.

Oxandabarantz 2011 urteko abenduan izan zen atxilotua Donibane Garazin, Julen Mujika bikotearekin batera, zein abenduan geratu zen aske. Oxandabarantz, aldiz, haurdun zegoen atxilotua izan zenean, eta erditu baino zerbait lehenago geratu zen baldintzapeko askatasunean.

Justizia frantsesak aurkitutako lehergailuentzako material batean bere ADNa aurkitu izana leporatzen dio. Bere garaian froga horiek deseginak izan ziren eta horren kontrako helegitea egitea ezinezkoa izan zen.

Libre Baxe Nafarroa sostengu komiteak deituta, elkarretaratzea egingo dute 19.00etan Donibane Garaziko Herriko Etxearen aurrean.