Alazne Lopez dantzari bilbotarra Alemaniako Dortmund hiriko bere etxean aurkitu dute hilik. Ballet dantzaria zela-eta bertan bizi zen duela urtebetetik hona, han ari zen lanean-eta.
Hasiera batean Dortmund-eko Poliziak esan du «hipotesi guztiak irekita» zeudela eta autopsiaren emaitzaren zain zeudela.
Familiak, ordea, agiria plazaratu du hainbat hedabidetan zabaldu diren albisteak direla-eta. Zehaztu duenez, Alazne Lopezek bat-bateko heriotza izan du.
Lopez Igor Yebraren akademian trebatu zen. 12 urte besterik ez zituenean hasi zen dantzan eta 16 zituela Londresera joan zen, balleteko formakuntzan jarraitu asmoz. Bertan hiru urte eman eta gero, 20 urterekin, Hannoverreko Operaren balletean sartzea lortu zuen.
Era berean, gorpua Bilbora hurrengo egunetan iritsiko dela jakinarazi dute.