Ibilaldia goizeko 9.30tan hasi da Bilboko harrobi plazan. Hantxe, Juan Carlos Gomez ikastolaren lehendakariak hizkuntzaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, «lan munduan euskara sustatu nahi ezkero, lan heziketa euskaldundu behar dugu».
Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk Hezkuntza Lege propio bat eskatu du Lomceri aurre egiteko. «Gure hizkuntza sistema propioaren bidean ez badugu urratsik ematen, egongo gara beti Lomcek sortutako suteak itzaltzen», azaldu du Lomcek ezarritako ebaluazio froga kritikatu ostean.
Hezkuntza sailburuorde Arantza Aurrekoetxeak, datorren ikasturtean Lakuak Lanbide Heziketan B eredua eskaintzen hasiko dela iragarri zuenak, Lehen Hezkuntzako froga defendatu du. «Diagnostikoak eta errebalidak ez dira kupel bereko txakolina, ez ditzagun nahastu beraz», esan du.
Aurkezpena amaitu ondoren, festa giroa izan da nagusi. Ikastolatik gertu, D-Pintxos, Urtz eta Itziarren Semeak aritu dita. Miribillan, berriz, Altxatu, Enkore, Zea Mays eta Oxabi izan dira. Guggenheim museoaren ondoan haurrei zuzendutako saioak burutu dira ere.