Arantxa MANTEROLA
Paris

Pariseko Bake Konferentzia humanitarioa; hautetsi, aditu eta erabileen topaleku

Bake Bideak, Giza-Eskubideen Ligak eta beste lau erakundek antolatutako Euskal Herriaren Bakearen aldeko Konferentzia Humanitario gaur goizean burutuko da Parisen, Asanblea Nazionaleko areto batean. Euskal Herritik ez ezik, estatutik eta nazioartetik ere hautetsi, aditu eta eragile ugari bertaratuko dira bake-prozesuari bultzada emateko xedearekin.

Paul Rios eta Robert Manrique Parisen, konferentziaren bezperan (Goizeder TABERNA)
Paul Rios eta Robert Manrique Parisen, konferentziaren bezperan (Goizeder TABERNA)

Programa zinez trinkoa osatu dute Bake Bideak eta Giza-Eskubideen aldeko Ligak, orotara hemeretzi hitzartze aurreikusiak baitaude. Goizeko 9.10tan ttanko ekingo diote Euskal Herriaren Bakearen aldeko Konferentzia Humanitarioari. Paul Molac diputatu bretoina izango da hitza hartzen lehena eta bere ondotik, Marc Gentilini Gurutze Gorriko ohorezko presidenteak eta Bake Bideako buru Anaiz Funosasek egingo dute harrera.

Sarrera formala Pierre Joxe Barne ministro ohi eta Aieteko Konferentziako bultzatzaileak, eta Baionako Agiriko sinatzaileen izenean, Frederique Espagnac eta Jean-Jacques Lasserre senatariak eta Max Brisson Departamenduko UMPko kontseilariak egingo dute.

Konferentziaren lehen zatian bake-prozesu batean biktimek izan beharko luketen lekuaz arituko dira. Pierre Hazan Nazioarteko Harremanetarako Taldeko (NHT) kidearen interbentzioaren ostetik, Roberto Manrique Hipercorreko atentatuan zauritutako biktimarena eta Axun Lasa, GALek eraildako Joxean Lasaren arrebarenak entzungo dira. Hego Afrikako Justizia eta Egia batzordeko esperientzia azalduz, Brandon Hamber adituak itxiko du lehen zatia.

Bigarrenean, berriz, presoen gaia jorratuko da. Raymond Kendall NHTko kideak, Gerry Kelly Ipar Irlandako Asanbleako diputatuak, Gabi Mouesca IK-ko preso ohiak eta Brian Currin NHTko koordinatzaileak hartuko dute hitza.

Michel Tubiana, Giza-Eskubideen Ligako ohorezko presidenteak interbentzioen sintesia egin ondoren, partehartzaile guztiek oholtzan direla, Serge Portelli magistratuak irakurriko du agiri bat Konderentziaren ebazpen modura.

Itxierako azken hitza, berriz, Bertie Ahern, Irlandako presidente ohia eta Aieteko Agiriaren bultzaitzale izandakoaren esku geratuko da.

Parisen bezperatik

Atzotik jada hainbat partehartzaile hiriburura iritsiak ziren, batez ere estatutik kanpo zetozenak. Hala, besteak beste, Gerry Kelly Ipar Irlandatik, Brandon Hamber Hego Afrikatik, Roberto Manrique Estatu espainoletik eta Axun Lasa Euskal Herrtitik jindakoak arratsalderako presente ziren Parisen. Paul Rios Lokarriko koordinatzaile ohia ere bertan zen arratsalderako.

Gizarte eragilerekin osatutako autobusa ere goizetik abiatu zen Baionatik, guztiak Asanblea Nazionaleko Victor Hugo aretoko jazoera gertutik segitzeko asmoarekin. Euskal Herrikoez gain, hedabide frantsesen jarraipena ere gertukoa izango dela aurreikusten da.