NAIZ
BAIONA

Jojo Bidart: «Polizia berehala hasi da kolpeka, makila eta pilotak erabiliz, kazetarien aurka ere bai»

Euskal Irratietako ‘Goiz Berri’ irratsaioan izan da gaur Jojo Bidart kazetaria eta Ortzaizen Poliziarekin izandako istiluak azaldu ditu. Zaurituen artean kazetaria bera aurkitzen da; Poliziak «han zegoen edonor jo eta tirokatu» duela adierazi du. Momentu horretan jende asko zegoela esan du, «adin askotako jendea, gazteak, baita adingabeak ere».

Jojo Bidart zauritu du Poliziak. (@euskalirratiak)
Jojo Bidart zauritu du Poliziak. (@euskalirratiak)

Goizeko 03.00etan hasi da Polizia Ortzaizen zeuden 150 pertsonen aurka kargatzen eta zazpi pertsona zauritu ditu, eta beste bi atxilotu. Horien artean zegoen Jojo Bidart kazetaria, eta bertan gertatutakoa azaldu du Euskal Irratietako ‘Goiz Berri’ saioan.

Bidarten hitzetan, Polizia autoak mugitzen hasi denenean bertan zeuden pertsonen artetik pasa nahi izan du, eta momentu horretan «mugimendu bat izan da, eta berehala hasi dira kolpeka, makila eta pilotak erabiliz». Bidart bera zauritu du Poliziak. Azaldu duenez, mugimendua hastean lurrean pertsona bat ikusi du eta beregana hurbiltzean lau metrotara zegoen polizia batek tiro egin eta tripan eman dio. «Normalean armak urrutigotik erabili behar dituzte baina oraingoan oso hurbiletik erabili dituzte eta arriskutsua da. Dena azkar pasa da eta kazetarien aurka ere joan dira», momentu hori «arriskutsua eta bortitza» izan dela ziurtatu du.

Euskal Irratien salaketa

Euskal Irratien Administrazio Kontseiluak ohar baten bidez bere sustengua eta elkartasuna adierazi dizkie Ortzaizen izandako bere bi kazetariei, eta Poliziaren «jokamoldea eta bortizkeria handia» salatu ditu.

Administrazio Kontseiluak adierazi du Poliziaren jokamoldeak kazetarien «lana oztopatzeaz gain, piloten jomugan ezartzea» onartezina dela, eta metodo horiek «jokoz kanpokoak» direla esan du, batez ere «herriak hain argiki giro aldaketa eta bakearen eskaera egiten duen memento huntan».