Aste Nagusia hastear zela, bestelako kontu batek bete ditu Donostiako kale nagusiak. Herriko tabernen aurkako epaia salatzeko mobilizazio jendetsua burutu da, laranja kolorea nabarmentzen zelarik. Itxi nahi dituzten hainbat herriko tabernen izenak zeramatzaten kartelak ageri dira lehenengo lerroetan. Atzean, 4.000 lagun inguru, Gipuzkoa Plazatik Zuloaga Enparantzaraino, donostiar zein bisitari askoren arreta bereganatuz. Udatiarrei euskaraz, gazteleraz eta ingelesez eman zaie epai honen berri.
20 militante independentista ere zigortu dituen erabaki honek politikari zein kulturari eraso egiten diela salatu dute partehartzaileek. Horretarako, ibilbidean zehar mobilizazioak tarteka geldialdiak egin ditu, kamio batetik hainbat kultur adierazpide entzunarazteko. Fito Rodriguez idazlea eta Beñat Gaztelumendi bertsolaria aritu dira horretan, beste batzuen artean. Mikel Laboaren ‘‘Txoria txori’’ batera abestu dute, azkenik, bildutakoek.
Joseba Alvarezek, auzi honetan zigortutako militanteetako batek, hartu du hitza ekitaldiaren bukaeran. Herriko tabernen aurkako eraso honekin benetan itxi nahi dutena «proiektu politiko bat» eta milaka eta milaka lan orduz eraikitako «amets bat» direla ziurtatu du. Baina oker dabiltzala erantsi du, eta azken urteotako ilegalizazio bakoitzaren ostean herriak ikastola, hedabide edota erakunde berriak sortu dituela gogora ekarri ondoren, orain ere agertoki politiko berriari egokitutako azpiegitura berrituak eraikiko direla ziurtzat jo du.