NAIZ
DONOSTIA

Haize indartsuari aurre eginda Donostia abordatu dute piratek

Donostiako Piratek hiriburuko Aste Nagusia abordatu dute. 350 ontzi eta 3.000 pertsona inguru izan dira aurtengo abordatzean. 17.00etan ekin diote Kontxarako bideari Ezkila kapitainak txupina jaurti ostean eta 17.40 aldera iritsi dira lehenak, azkenak portutik irtetzen ari zirelarik, oraindik. Haizeagatik abordatzea eten behar izan dute piratek. Zuzenean eskaini du NAIZek portuko abiatzea.

Egun osoan prestaketa lanetan aritu ostean, eguraldia (hasieran) lagun eta bazkari legeak amaituta, 16.00etatik aurrera ekin diote milaka piratek Donostiako Portuan lekua hartzeari. 17.00etatik aurrera Kontxa eta bere irudiak dakarren Aste Nagusiaren abordatzeari ekin diote.

3.500 lagun eta 300 ontzi baino gehiagok eman dute izena jaietako ekitaldirik ikusgarrienetako batean.

Haizeak arazo dezente eragin ditu, kaitik irten eta gutxira ontzi asko Ondarreta aldera baztarreratu ditu honek eta Donostiako Piratek kaitik irten gabe ziren dozenaka txalupei buelta eman eta portura itzultzeko deia egin diete. 17.45 inguruan izan da hori, Kontxara oraindik ontzi bakan batzuk iritsita zirenean.

Abordatzearen arrakasta agerikoa zen erabaki hori hartzerako, milaka izan baitira aurten ere «yateen Kontxa» abordatu dutenak, jai eta hiri herritarrago baten alde.

Abordatzea baino lehen Kaotiko taldearen eskutik jai giroa nagusitu da Flamenka gunean.

Aurrez ehunka piratek Zuloaga plazan izan den herri bazkarian parte hartu dute. Bertako eta garaiko produktuekin osatutako bazkaria izan da. Abordatzea amaitzean Kontxako erlojuetatik abiatuta kalejira giroan egingo dute piratek Flamenkarako itzulerako bidea.


Piraten abiatzea kaitik - zuzeneko emankizuna.