NAIZ
DONOSTIA

Kortxoeneako kideek eta Donostiako Alkatetzak bilera egingo dute gaur arratsaldean

Kortxoenea gaztetxeko kideek jakinarazi dute arratsaldeko 18.00etan bilera egingo dutela Donostiako Alkatetzarekin eta, hitzorduaren aurretik, proiektuarentzako «irtenbide integral» bat galdegin dute. EH Bilduren esanetan, Udalak borondaterik izatekotan, badago alternatibak bilatzeko aukerarik eta, ildo horretan, adierazi dute aurreko Udalak Zemoira 20ko eraikina proiektu autogestionatu batera bideratzeko aukera aztertzeko negoziaketak egin zituela Lakuarekin.

Fermin Muguruza, Kortxoenearen alde kantari. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Fermin Muguruza, Kortxoenearen alde kantari. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Donostiako Alkatetzarekin egingo duten bileraren atarian, Kortxoenea «proiektu integral bat» dela adierazi dute gaztetxeko kideek eta, hortaz, aldarrikatu dute irtenbideak ere halakoa behar duela izan.

Ildo horretan, bost urte hauetan Kortxoenean egin duten lana laburbiltzen duen txostena prestatu dute eta Udalari helaraziko diote.

«Gaurkoan espero dugu espazioaren inguruko alternatibak aurkeztea Donostiako Udalak. Gatazka honetan duen ardura onartu eta zuzenean inplikatu beharko luke alde guztientzat onuragarria den irtenbidea bilatzeko lanean», nabarmendu dute.

Elkarrizketa «baldintza duinetan» burutu ahal izateko, behin behinean eraikinaren eraiste-lanak geratzeko bere esku dagoena egiteko eskatu diote Udalari.

Bitartean, erresistentzia eta kultura uztatzen jarraitzen dutela gogorarazi dute.

Eraikin alternatiboa

Beste ohar batean, Donostiako EH Bilduk adierazi du Udalak Kortxoeneako gazteekin negoziatu behar duela «alternatiba errealak» bilatzeko.

Axier Jaka eta Ricardo Burutaranek jakinarazi dutenez, badago aukerarik alternatiba hori bilatzeko, borondaterik izanez gero.

Izan ere, Zemoria 20an dagoen institutuaren eraikina Udalarena eta honek 2000. urtean Lakuari utzi zion, bertan hezkuntza zentroa ezar zezaten. Hezkuntza Sailak institutua handik kentzeko asmoa duenez, aurreko Udal Gobernuak eta Lakuak hainbat bilera egin zituzten, eraikina berreskuratu eta «autogestioan oinarritutako proiektu soziokultural bat» garatzeko aukera aztertzeko.

EAJ eta PSE Udalera iritsi zenetik negoziazioak zertan diren ez dakitela adierazi dute EH Bilduko kideek.

«Goiak nahi badu, bide hori egin dezake Kortxoeneako gazteekin, aukera hori azter dezake haiekin eta gainerako auzotarrekin eta, ados egonez gero, Udalak eraikina berreskuratzeko eman beharreko urratsak eman beharko lituzke. Berriro diogu: borondate politiko kontua da. Besterik ez», azpimarratu du Jakak.