NAIZ
DONOSTIA

Sortu: «Armagabetze eta bakearen alde dagoenaren kontra aritzea sikopata jokabidea da»

Sortu, EH Bai eta Ernaik Baigorrin emandako atxiloketak salatu dituzte ete Euskal Herriak bizi duen bake prozesua «oztopatzeko saiakera» dela nabarmendu dute. Era berean, gatazka politikoaz espainiar zein frantziar Estatuek egiten duten erabilera nabarmendu dute.

Pernando Barrenak gogor salatu ditu Baigorriko atxiloketak. (SORTU)
Pernando Barrenak gogor salatu ditu Baigorriko atxiloketak. (SORTU)

ETAko goiburuen «hamaikagarren atxiloketaren aurrean» gaudela azpimarratu du Sortuk. Pernando Barrenak eskainitako prentsaurrekoan nabarmendu du atxiloketek ez dutela lortuko «hemen dagoen eta jatorri politikoa duen arazo latza ezkutatzea».

Era berean, gogoratu egin du ETA 2011. urtetik  ez dela eragile armatu bat. «ETAk modu positiboan ekin dio jarduera armatuaren amaieratik eta ukazinezko aurrerapausoak eman ditu euskal gatazka politikoaren konponbidea laguntzeko asmotan. Gobernu espainolak aldiz, bakerako aukera guztiak zapuzteko asmotan aritu da lehenengo egunetik modu guztiz arduragabean», adierazi du Barrenak. Honela, bakearen eta armagabetzearen alde dagoenaren kontra aritzea «sikopata jokabidea» dela gehitu du.

Ildo horretatik, atxiloketak hauteskunde garaiarekin lotu ditu. «Euskal herritarrok horrela erabaki dugulako, herri honetan politikoki ezer ez den alderdi bat, bakearen etsai gisa agertu nahi duena behin berriro ere Ebrotik harago bozkak irabazi nahian».

EH Baik  ere gogor salatu ditu Baigorrin emandako atxiloketak. «Christiane Taubira eta Bernard Cazeneuvek gatazka konponbidearen alde egindako adierazpenen kontrako zentzuan  doaz atxiloketak, bai hauek eta bai Alberto Plazaolarena», gogoratu dute. «Bada garaia, frantses Estatuak konponbide prozesuaren aldeko egiazko urratsak egin ditzan», eta zentzu honetan bide errepresiboa «alboratzeko» exijitu diote.

Frantziar Estatuaz gain, espainiarrak Euskal Herriko gatazka politikoaz egiten duten erabilera azpimarratu dute. «Euskal gatazkaren gaia espainiar Estatuaren momentuko behar politikoen arabera instrumentalizatua izatea ezin du onartu euskal jendarteak».

Ernai: «Justizia eta bake eszenatokia lurperatu nahian dabiltza, gatazka betikotzeko»

Ernai antolakundeak, bere aldetik, armagabetze prozesua «oztopatu eta blokeatzeko» operazioa dela salatu du. «Justizia eta bake eszenatokia lurperatu nahian dabiltza, gatazka betikotzeko», adierazi dute ohar baten bidez. Zentzu honetan «desarmean buru belarri dabiltzan kideak izanik, desarmearekin bukatzeko helburu argia» ikusten dute gaurko atxiloketetan.

Honen gainetik, konponbide prozesuan aurrera egiteko jendartearen beharra nabarmendu dute. «Ezinbestekoa da herritarrok ikusle izatetik subjektu aktibo izatera pasatzea,  herritarron konpromesua eta babesa beharrezkoa dutel blokeatu nahi duten prozesuak eta horren alde urratsak ematen dabiltzanek».
 
Zentzu horretan, atxiloketak salatzeko eta atxilotuei babesa emateko egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzeko deia egin dute Ernaik, Sortuk eta EH-Baik.