Ikastolen 2015-2016 ikasturtearen hasiera ekitaldia egin dute goizean, Azpeitiako Soreasu antzokian. «Ikastola, euskal gizartearen zerbitzura» izan da ekitaldiaren ardatza eta ikastola eredua azpimarratzeaz gainera, duela 20 urte, publifikazioaren eztabaidak eragindako zatiketa gordinari aurre egin eta euren proiektuak birsortu behar izan zituzten Azpeitiko Ikasberri, Beasaingo Andramendi, Elorrioko Txintxirri eta Leioako Betiko ikastolek omenaldia jaso dute.
Era berean, 20 urte bete dira Partaide sortu zela, eta hori ere gogorarazi dute ikastolek aurtengo ikasturtearen hasiera ekitaldian.
Ekitaldian hitza hartu dute Ikastolen Elkarteko lehendakari Koldo Tellituk, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasak eta Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak.
Gonbidapena onartu eta ekitaldira joatekoak ziren Nafarroako Hezkuntza kontseilari Jose Luis Mendoza -Nafarroako Gobernuko ordezkari batek ekitaldi honetan parte hartzen duen lehen aldia izanik-, eta Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano. Azken orduan, ordea, ezin izan dute hitzordura agertu.