EH Bilduk Gipuzkoan «bultzada politikorik gabeko Gobernua» dagoela adierazi du, EAJren eta PSEren Foru Gobernuak 100 egun betetzen dituenean. Balorazio horretan «dezepzioa» agertu du Xabier Olano bozeramaileak. «Eskuindarra eta atzerakoia» bezala definituz.
Zentzu honetan, azpimarratu egin du pobrezeia, langabezia, lan prekarietatea edo matxismoa «Gipuzkoako Foru Gobernuaren agendatik kanpo» daudela. Aldiz, 100 egun hauetan, «bakarrik bi gauza» egin dituzte salatu: «Alkateen soldatak igo eta enpresari aberatsen zergak jaitsi».
Gipuzkoa hobetzeko «proiektu baten falta» sumatzen du koalizioak. Gainera, salatu egin du EAJk «eskuak lotuta dituela» PSErekin duen akordioagatik. Honen erakusle ikusten du EH Bilduk aurreko Plenoan erabakitzeko eskubidearen aldeko ebazpen proposamen bat sinatu ondoren, «PSEk erretiratzera behartu zuela EAJ».
Honen aurrean, politika «sozialagoa eta aurrerakoia» eskatu du koalizioak. Alde batetik, zerga politika «justuago baten alde» egin du, gehien dutenek gehiago ordaintzea defendatuz, eta iruzur fiskalaren kontra borrokatzeko «konpromisoa» eskatu dio Aldundiari. Bestetik, murrizketa sozialik ez egiteko exijitu du, eta aurreko legealdian gizarte zerbitzuak garatzeko egindako plangintza betetzea ezinbestekoa dela adierazi dio dio ahaldun nagusiari.