Gasteizko Legebiltzarreko Bakea eta Askatasuna Saharan taldeko ordezkariak Hassanna Aaliarekin bildu dira gaur eta ekintzaile sahararraren atxiloketa salatzen duen adierazpena onartu dute, aho batez.
Aalia Burgosen atxilotu zuen Polizia espainolak herenegun eta Estatu espainoletik kanporatzea ekar dezakeen prozedura ireki zioten. Gazteak asilo politikoa eskatu zuen eta Gobernu espainolak ukatu egin zion, baina helegitea aurkeztu zuen eta horren zain dago. Hori erabaki bitartean, Auzitegi Nazionalak bertan behera utzi zuen kanporatzeko agindua.
EAJ, EH Bildu, PSE, PP eta UPyDk onartu duten adierazpenean atxiloketa salatu eta Aaliari asilo politikoa emateko eskatu diote Barne Ministerio espainolari, bere herrira itzultzen bada Marokoko agintariek bizitza osorako espetxeratuko baitute.
Ekintzaileak Sahararen autodeterminazioaren alde eta Marokoren okupazioaren aurka modu baketsuan borroka egiten duela gogora ekarri dute adierazpenean.