Maider Iantzi Goienetxe

Euskarari prestigioa itzuli eta pedagogia irauli zuen ispilurik gabeko eredua

50 urte betetzen ditu Nafarroako lehen ikastolak, Iruñeko Uxuek. Baina izan zen aurrekaririk: gerra aitzineko hiru euskal eskolak, Iruñea, Lizarra eta Elizondokoa. Eta gero, 1963an sortu zen Irantzu ikastola, egun bat baino gutxiago iraun zuena. Egia bihurtutako ametsen liburua Nafarroa Oinez festaren ondotik argitaratuko da.

 

Nafarroako Ikastolen Elkarteak (NIE) proposatuta idatzi du Fermin Erbitik “Ametsa egia” liburua, baina lehendik ere testigantzak eta datuak biltzen hasia zen Iruñeko kazetaria, herri honetako historia eta, batez ere, istorioak maite dituelako.

Uxue ikastolaren 50. urteurren borobil honetan Nafarroako ikastolak nondik datozen oroitu nahi izan du. Zergatik sortu zen Uxue? Irantzu eta gerra aurreko ikastolak izan zirelako, eta zergatik izan ziren? XIX. mendean Arturo Campionek eta bertze euskaltzale batzuek kanpaina hagitz inportantea egin zutelako lehen aldiz euskararen garrantziaz kontzientziatzeko eta herri kulturadunek beren hizkuntzari eusten diotela defendatzeko. Nafarroako gaur egungo hamabost ikastolen historia ez ezik, historiaurrea ere jaso du, beraz. Argazkiz ongi hornitutako liburua bihar Baztanen eginen den Nafarroa Oinezen ondotik, bi aste barru, kaleratuko dutela iragarri du kazetariak, Elkar argitaletxearekin. Euskaraz soilik ez, gaztelaniaz ere bai, “La realidad de un sueño” izenburuarekin.

Gerra aurretik

Historiaurrean sartuta, 36ko Gerra aitzineko hiru ikastolak ezagutuz hasiko dugu erreportajea. Erbitik azaldu digunez, Iruñean kezka bat zegoen. Arturo Campionek hala laburbildu zuen: «Gu bagoaz eta ez dator inor. Euskara hiltzen ari da». Euskararen Adiskideak Elkarteak proposatu zuen ikastola bat sortzea eta Aldundiari eta Udalari gonbitea egin zien elkarrekin eraikitzeko. Biek ezezkoa eman zuten; elkarteak aurrera jo eta ikastola sortu zuen, ordea. Karmen Saizar izan zen lehen andereñoa. Ikasle kopuruak gora egin zuen nabarmen denbora gutxian eta handik hiru urtera 300era iritsi ziren. Carlos III.a etorbideko egoitza eskas gelditu zen eta Eskolapioetara joan ziren. Tirabirak izan ziren bertan, eskuindar batzuek mehatxu egin ziotelako Eskolapioetako buruari ez uzteko euskal eskola sartzen.

Lizarran sortu zen bigarren ikastola. Herritar ugarik manifestu bat sinatu zuen euskara berreskuratzeko beharra aldarrikatuz. Han ere indartsu zegoen abertzaletasuna. Irujotarrak zeuden, Fortunato Agirre zen alkatea eta laguntza eman zion proiektuari; eta Petra Azpiroz leitzarra funtsezkoa izan zen. Lizarrara andereño joan zen. Ikastola hartan denetarik zegoen, abertzaleen seme-alabak baina baita ijito batzuk eta guardia zibilen umeak ere bai. Azpirozek ere pedagogia hagitz berritzailea baliatu zuen. Iruñean eta Elizondon bezala gerrak ibilbidea moztu zion, benetan oparoa izan zitekeena pedagogia arloan. Sartu, liburu guztiak erre eta Azpirozi abisatu zioten ez zuela baimenik lanean segitzeko.

Elizondon, Pilare Albarekin

Elizondon 1935-36 ikasturtea egin zuen ikastolak, bakarra eta, gainera, nahiko gorabeheratsua. Ikuskari batek debekua jarri ziela-eta itxi egin behar izan zuten. Neska-mutikoak eskola nazionaletara bidali zituzten, baina, hauteskundeak ezkerrak irabazi zituenean, 1936ko udaberrian, berriro zabaldu zuten. Pilare Alba goizuetarra izan zen irakaslea. Aurten hil da, 101 urterekin.

Testu eta testigantzek herri batetik bertzera zer alde zegoen erakusten dute: Iruñean eta Lizarran euskara maila nahiko ona lortu omen zuten neska-mutikoek; Elizondon, aldiz, ume guztiak euskaldunak ziren. Bertako andereñoak alde zuen egoera soziolinguistikoa eta erraten zuen ez zuela hitzik egin beharrik erdaraz, euskaraz ederki moldatzen zirelako guztiak.

Iruñeko ikastolak ekitaldi hagitz hunkigarria egin zuen Campionen etxean hark 80 urte bete zituen egunean. «Gu bagoaz eta ez dator inor», zioen. Neskatila batek hala erantzun zion: «Zuek bazoazte, baina gu etorri gara». Orduan euskaltzaleak erran zuen bakean hil zitekeela, etorkizuna ageri zelako.

Irantzu, amets laburra

Eta etorkizuna, gerraren amesgaiztoaren ondotik, 1963an ailegatu zen. Orduan sortu zen, Iruñean bertan, Irantzu ikastola. Jose Antonio Mugertza enpresariaren ametsa. Gipuzkoan ezkutuan ari ziren bitartean Mugertzak publiko egin zuen asmoa, itzal handiko pertsona batzuk alde zituelako eta Hezkuntzako inspektore batek erran ziolako baimena zuela lanean hasteko. Baina zabaldu behar zuten egunean bertan Poliziak itxi egin zuen ikastola. Ikastolen historia errepasatzean sarri ahanzten da Irantzu, eta Fermin Erbitik argi zuen liburuan sartu nahi zuela. Hura zuzentzeko Tolosatik ekarri zuten andereñoarekin mintzatu da.

Mugertzari ikastola itxi ziotela ikusi eta gero (gobernadoreak erran zuen Gipuzkoan onddoak bezala zabaltzen ari zirela ikastolak eta Nafarroan errotik moztu behar zutela mugimendua), handik bi urtera, 1965ean, erakunde baten laguntza bilatu zuten Uxue ikastola sortzeko. Euskalerriaren Adiskideak kultur erakundearen babespean saiatu ziren martxan jartzen eta lortu zuten.

Uxue ikastola, lehena

Funtsezkoa izan zen Euskalerriaren Adiskideak elkartearen babesa; honek Pozo Blanco karrikan zuen egoitzan hasi zen ikastola. Mikela Gastesi gorritiarra hasi zen andereño lau haurrekin. Hurrengo asteetan bertze batzuk matrikulatu zituzten. Lehen ikasturtearen amaieran hamabi ziren.

Laster Jorge Cortes Izal euskaltzaleak hartu zuen gidaritza. Ikasleria urtetik urtera gora zihoan nabarmen eta Pozo Blancotik San Jose plazara joan ziren, eta handik Baiona etorbidera. Orain Euskalerria irratia dagoen pisuan ere egon ziren. Garai zaila zen eta barne tentsioa ere handitzen joan zen; erlijioa zela, politika zela… Hortaz, 1970ean zatiketa etorri zen eta hortik sortu ziren gaur egungo ikastola handienak: San Fermin eta Paz de Ziganda.

Pixkanaka-pixkanaka bertze herrietan ere ikastolak sortzen hasi ziren. Eredu desberdinak daude. Baztanen, bazuten gerra aurreko oroitzapena. Beran, itzal handiko jendeak bat egin zuen mugimenduarekin, baina zaila eta gogorra izan zen Irunberrin ikastola sortzea, giroa hagitz kontra zutelako, Vianan ere bai, Lodosan, Tuteran…

«Jende askorekin hitz egin dut, sortzaileekin eta lehenbiziko irakasleekin, eta era guztietako arazoak izan zituzten. Legeztatu gabe zeuden, ez zuten materialik, irakasle tituludunik ere ez…», adierazi du Erbitik. Iruditzen zaio hagitz eskuzabal jokatu zutela guraso eta sustatzaileek, seme-alaben etorkizuna arriskuan jarriz, ez zekitelako ametsa beteko zen.

Diputazioaren laguntza ere azpimarratu du. Euskaltzale batzuk zebiltzan bertan, ez funtzionario bezala, baina bai kolaboratzaile bezala Vianako Printzea erakundean. Itzal handiko jendea zen: Jose Mari Satrustegi, Carlos Garaikoetxea… Lehenbizi Iruñeko alkate eta gero diputatu izandako Migel Jabier Urmenetak ere lagundu zuen.

«Euskararen aldeko saila sortu zuten eta Pedro Diez de Ulzurrun medikuak lan ikaragarri handia egin zuen. Herriz herri joaten ziren euskaraz ongi egiten zuten haurrei sari bat ematera». Diputazioaren laguntza inportantea izan zen ikastolen hastapenean, adibidez, Tafallan txoko bat alokatzea lortzeko edo fraideei errateko zortzi gela behar zituztela komentuan.

Ispilurik gabeko eredua

Jon Sarasuak bere “Hiztunpolisa” liburuan ikastolena ispilurik gabeko eredua dela dio, ez baitzen bertze inon halakorik egin. Eskola euskararen aurka erabiltzen zen, eta euskaltzaleak hil ala biziko apustua hor zegoela konturatu ziren. «Guraso erdaldun haiek oso apustu gogorra eta ausarta egin zuten dena kontra zutelako. Ze erraza zen seme-alabak eskolara bidaltzea eta hauek dirua ordaindu zuten, lan egin, kartillarik gabe… Meritu handia zuten».

Bitxia izan zen toki aunitzetan sutsuenak seme-alabarik gabekoak izan zirela. Hala gertatu zen Beran. Herri honetako karriketan, Lesakan bezala, ongi islatzen da ikastolen lana. Hagitz galdua zegoen euskara kalean eta horri buelta emateko balio izan zuten. Prestigioa eman zioten gure hizkuntzari.

Euskara, auzolana eta pedagogia

Fermin Erbitiren arabera, hiru ezaugarri nagusi dituzte ikastolek: euskara eta euskal kultura eskolan sartzea, gurasoen parte hartzea eta pedagogia berria. Neska-mutikoekin ibiltzeko modua desberdina zen: eskolaz kanpoko ekintzak, irteerak… Ez zegoenez deus, dena zegoen asmatzeko, eta hori ikastolen aldekoa izan zela iruditzen zaio kazetariari. Uxue ikastolako ikasle batek kontatzen zion lagunei erratean 1965ean neskek eta mutilek gela berean ikasten zutela harrituta gelditzen zirela.

Auzolana gakoa da. Zer ez dute egin? Joe Cocker kantari britainiarra Altsasura ekartzea, haurrak oilategi batean sartzea Vianan, edo behitegi batean Tuteran. Halakoak gertatu dira, eta, halere, eutsi eta aurrera egin zuten, ilusio handiak, ametsak, bultzatuta. «Miresgarria da». Eta orain zer? Erronkak zaharrak dira Erbitiren ustez: euskara eta euskal kultura erdian jartzea, parte hartzea eta kalitatea. Kazetariaren ustez, kalitate handia erakutsi dute ikastolek eta alde dute langileen militantzia puntua, hau da, ikastola lantokia baino gehiago izatea.

 

MARI KARMEN GOÑI

Baztan ikastolako lehen andereñoa

«Gelan ia-ia papera eta margoak bertzerik ez genituen; hori bai, alai eta goxo bizi ginen»

Baztan ikastolaren historia 27 ikaslerekin idazten hasi zen Mari Karmen Goñi lekaroztarra, 22 urte baino ez zituela. Bihar ongi merezitako omenaldia jasoko du bertze andereño eta maisu aitzindariekin batera, eta bere hitzek emozioz bor-bor egiten dute.


Nola sortu zen Baztango ikastola? Nolatan hasi zinen bertan irakasle?
Elizondoko guraso batzuek, Baztanen eta batez ere Elizondon euskara galtzear zegoela-eta, beren seme-alabak euskaraz bizi zitezen ikastola bat sortzeko ausardia izan zuten. Ordurako Iruñean ikastola bat martxan zegoen, eta haiei zer pauso eman galdetu eta aholkua eskatuz nolabait ikastola martxan jarri zuten. Nire berri ez dakit nondik jakin zuten. Lezoko ikastolako andereñoa nintzen eta han agertu ziren… Dudarik gabe, gustatu eta ardura hori nire gain hartu nuen, eta, nire xokora, Baztanera, itzuli nintzen. Lehenengo urteko 27 ikasleetatik bakar batzuk euskaldunak ziren, baina gehienak gaztelaniaz solastatzen ziren.


Baliabide gutxi, baina ilusioa soberan izan zenuten lehenbiziko ikastoletan. Nolakoa zen zuen eguneroko martxa?
Egia da, ilusioa, lana egiteko gogoa, noski, baita urduritasuna ere, barne-barnean sentitzen nituen. Ez zen erraza hasi behar genuen proiektu berri horri irtenbidea ematea.


Euskarazko formaziorik bazenuen?
Erran behar da nire ama hizkuntza euskara zela, baina nik egindako ikasketak gaztelania hutsean ziren. Gipuzkoan, Pasaian, ibili nintzen ikastoletako metodologia eta murgiltze plana nola egin ikasten. Niretzat ere dena berria zen. Ikastoletako mugimendua hasi berria zen, oraindik egonkortu gabea. Ikastaro pila bat egiten genituen, pixkanaka gure materiala prestatzeko.


Non ematen zenituen eskolak?
Gurasoek Elizondoko Misericordia-n, orain Xaharren Egoitza, hutsik zegoen alde bat erdietsi zuten erretorearen medioz, eta hor bi gela eta komun bat izan ziren hasmentako lokalak. Segur aski urteetan garbitzekoak ziren eta lehenbiziko auzolana hor hasi zen. Gurasoek moldatu zituzten, kanpoaldean txirrista eta kolunpio batzuk jarri zituzten eta… aurrera!
Behar guztiak gurasoen esku uzten genituen. Egunero ikastolara agertzen ziren.
Gelan ia-ia papera eta margoak bertzerik ez genituen. Lurrean eserita, txotxongilo, kantu eta ahoz kontatutako ipuinen bidez ikasleak gureganatu eta aitzin egin genuen. Hori bai, alai, pozik, goxotasunean eta gustura bizi ginen.


Kontatu garai hartako bitxikeriaren bat...
Ez dakit bitxikeriak diren, baina batzuk kontatuko ditut... Gelan papera janda agertzen zen eta ez genekien zergatik, noski sagua harrapatu arte. Gero maiz gure tartean ibiltzen ziren. Ikastola Xaharren Egoitzan kokatua egotean, atsedenaldietan leihoak egoitzako xaharrez betetzen ziren haurren mugimenduak jarraitzeko. Gero etxera joaten ginenean, egoitzako emakume bat, gorra eta mutua bera, gelak garbitzera sartzen zen, noski bere borondatez, eta goizetan agertzen zen gelara keinuka garbitua zuela adieraztera.
Polizia sekretuak maiz etortzen ziren, nire izena galdetu eta ikasle kopurua jakitera. Bisita hauek ohikoak bihurtu ziren.
Behin txotxongilo bidez ipuina kontatzen ari nintzenean, nonbait ikasle bat aspertua zegoen eta aizturrez txotxongiloaren jantzia behetik gora ebaki zuen.
Jendea ere noizbehinka azaltzen zen ea ikastolan zer erakusten genuen galdetzera, solasek kantu eta marrazkia bertzerik ez genuela egiten zioten-eta.


Zein zen orduan euskararen egoera Baztanen eta nola joan da orain arte aldatzen?
1970ean euskara, gehienbat Elizondon, egoera arrunt kaxkarrean zegoen. Baserrietan mantentzen zen eta herri ttipietan ere, baina errepide bazterretako herriek ia galduta zuten. Ikastolari esker pixkanaka pizten hasi zen eta karriketan entzuten hasi. Gaur egun Baztango hamabost herrietan euskaraz ikasten da. Gure hizkuntza bere tokia hartzen ari dela uste dut. Erakundeetan ere euskararen presentzia nabaritzen ari da. Ezin gara lasaitu oraindik, euskaraz bizitzeko pauso gehiagoren beharra bada.


Erretiroa hartuta zaude, baina ezin ikastolarekin duzun lotura eten. Zer izan da eta da zuretzat ikastola?
Bortz urte pasatu dira erretiroa hartu nuenetik. Ez da erraza izan ikastola uztea. 40 urtez nirea den zerbait sentitu dut eta sentitzen segitzen dut. Nire bizitzan ikastola, nire familiarekin batera partekatu dut. Ez nuke jakingo lehentasuna zeinek izan duen, lotura hain estua izan da... Ikastolako balio handienetako bat familia giroa da, gurasoen inplikazioa. Euskara ama hartuz eta ikasle bakoitza den bezala onartuz pertsona osoak izateko laguntza ematea. Euskaraz biziz bertze kulturei irekita egotea…


Biloba bat hasiko zaizu ikastolan, hariak ez du etenik. Nola ikusten duzu geroa?
Egia erran, ez naiz ikastolako partaide bizia, inor ez da ezinbertzekoa baina lotura ezin dut hautsi. Zilbor hestea amari lotua dagoen bezala, ni ere ikastolari lotua sentitzen naiz. Eta gure ilobak, Beñat ttipiak, hori egia bihurtzen lagunduko nau. Eta Baztan ikastolaren etorkizunaz trankil nago, baikor, ilusioz betea. Beti bezala euskaraz bizitzen laguntzeko ezinbertzeko tresna izanen da. Esku onetan dago bai guraso eta bai irakasleen aldetik.

Zer sentipen dituzu Nafarroa Oinezen atarian, gainera omenduetako bat izanda?
Oinezen inguruan sentipen mukurutuak ditut. Hain dut poza barne-barnean noiznahi eta nonahi negar malkoak ezin eutsiz nabilela. Ze urtea daramaten lan eta lan… Hainbertze ekitaldi bat bertzea baino xarmagarriagoa eskaini dizkigute. Baztan mundu osora erakusgai izan dela iruditzen zait. Elkartasuna, indarra, kemena, nekerik agertu gabe, segi eta segi, egin eta egin, zaila da baina erdietsi dute. Igandean lan guzi hau besta erraldoi bihurtuko da. Nahiz pentsatu gu baino bertze batzuek merezimendu gehiago dituztela omenduak izateko, barnea guztiz mugitzen du. Poza, emozioa, esker ona… Ikastolan bizi izandako une pozgarri eta ilunak. Gure eskuetatik pasatu diren ikasleak, beraien gurasoak, ikastola lagundu duten guztiak, eskara bizi sentitzeak… bete egiten nau. Oihu egin behar berriz ere: «HAMA…BORTZ, AMA BAT!».