naiz
BAIONA

Gaitzespen adierazpenak eta elkarretaratze deialdiak Euskal Herrian

Parisko atentatuek gaitzespen erreakzio ugari eragin dute Euskal Herri osoan eta hainbat erakundek elkarretaratzeak deitu dituzte gaur arratsaldean, bihar eta astelehenean. Baiona, Angelu eta Biarritzen gaur 17.00etarako egin dute hitzordua auzapezek.

Bi gazte, Bataclan kontzertu aretoaren inguruan jarritako lore sortei begira. (Miguel MEDINA/AFP)
Bi gazte, Bataclan kontzertu aretoaren inguruan jarritako lore sortei begira. (Miguel MEDINA/AFP)

Baiona, Angelu eta Biarritzeko auzapezek Parisko atentatuak gaitzesteko gaur arratsaldean egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin diete herritarrei. 17.00etan jarri dute hitzordua. Ipar Euskal Herriko beste hainbat herritan ere antolatu dituzte elkarretaratzeak, Mediabask atariak jaso duenez. Nolanahi ere, prefetak 14.30ean agerraldia egingo du kontzentrazioak egin ahal izango diren ala ez argitzeko, izan ere Gobernu frantsesak hiru eguneko dolua ezarri baitu.

Euskal agintari politikoen artean erreakzioak ugari izan dira. Frederique Espagnac PSko senataria, esaterako, Parisera joan da bart, atentatuen berri izan ostean.

EH Baik, Twitter-en duen kontuaren bidez, sostengua helarazi die biktimen senideei.

Hego Euskal Herrian, Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakariek atentatuak gaitzesteko adierazpen instituzionalak plazaratu dituzte.

Barkosek hiru eguneko dolua ezarri du Nafarroan eta biharko elkarretaratzea deitu du Iruñean, 17.30ean, Gobernuaren egoitzaren aurrean. Elkartasuna helarazi die biktimen senideei eta frantsesei.

Urkulluk ere doluminak eta babesa adierazi dizkie hildakoen senideei eta astelehen eguerdian erakundeen aurrean egingo diren kontzentrazioetan parte hartzeko deia egin du.

Era berean, EAJ, EH Bildu, Geroa Bai, PSE, PP eta UPyDk Parisko sarraskia gaitzetsi dute. Koalizio independentistak bertan behera utzi ditu gaurko antolatuak zituen ekitaldi guztiak, biktimei elkartasuna adierazteko.