Lakuako Gobernuko Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataforman elkartuta kereilak aurkeztu dituzten euskal biktimei emango die giza eskubideen 2015eko René Cassin saria.
Epaimahaiak kolektibo horrek egindako lana saritzea erabaki du. Plataforma horrek justizia unibertsalaren defentsaren esparruan gauzatzen du bere jarduna eta sariak plataformak egiaren eta justiziaren bilaketan egiten duen lan indibidual eta kolektiboa sustatzeko balioko du.
Horrekin batera, plataformaren inguruan antolatutako euskal biktima kereilari guztiei aitorpen morala egitea du helburu sariak.
René Cassin saria Lakuako Gobernuak sortu zuen, beren jardunaren bitartez euskal gizartean giza eskubideen balioak nabarmen sustatzen laguntzen duten pertsona fisiko nahiz juridikoen lana publikoki aitortzeko.