Amalur ARTOLA
DURANGO

‘Ametsen liburua’ arrakasta izaten ari da Durangoko Azokan

Astero argitaletxeko ordezkariak gustura agertu dira ‘Ametsen liburua’ Durangoko Azokan izaten ari den oihartzunarekin. Bisitariek interesez behatzen dituzte orrialdeak, asko dira berariaz argitalpenaren bila datozenak eta beste asko, standetik pasa ostean, sei kilo eta erdiko liburutzarra besapean dutela etxeratzen direnak. Gaur goizean aurkeztu dute Durangon.

Fermin Munarriz eta Jokin Urainek aurkeztu dute ‘Ametsen liburua’ Azokan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Fermin Munarriz eta Jokin Urainek aurkeztu dute ‘Ametsen liburua’ Azokan. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

‘Ametsen liburua’ liburu bat baino askoz gehiago dela ziurtatuz hasi dute gaur goizen Fermin Munarriz eta Jokin Urainek Durangoko aurkezpena. 426 euskal presok, preso ohik, iheslarik eta iheslari izandakok «zer duzu amets?» galderaren bueltan egindako ekarpenak biltzen ditu liburuak, baita zazpi artistak askatasuna erauztearen gainean egin dituzten gogoeta lan artistikoak ere.

Urainen hitzetan, liburuak «amets kolektibo baten atzean hainbat amets txiki daudela erakusten digu» eta parte-hartzaileek lan kolektibo honetan euren alea jartzeko erakutsi duten prestutasuna goraipatu du: «Askori zaila egiten zaie bere amets intimo edo pertsonalak orri batean ipintzea, baina uste dugu etorkizunerako altxor bat osatu dugula», ziurtatu du.

Altxor horren bueltan, dozenaka euskal herritar ibili da gaur goizean ‘Ametsen liburua’ren standean. Askok interesez behatzen dituzte orrialdeek erakusten dituzte argazki, eskuizkribu, marrazki eta gainerako testigantzak. Beste askok, berariaz liburuaren bila etorriak direla onartzen dute, aitortu digutenez, «etorkizunean esanguratsua izango dela» sinetsita, eta ez dira gutxi besapean sei kilo eta erdiko liburutzarra dutela etxeratzen direnak. «Pisua du, bai; horregatik, nahi duenari erosi, hemen utzi eta etxerakoan bila pasatzeko aukera ematen diogu», azaldu dute standetik.