NAIZ
DONOSTIA

Igeldoren desanexio dekretuari buruzko epaia «argia» dela nabarmendu du Aldundiak

Igeldo Donostiatik bereiztea eta udalerri gisa aitortzen zuen foru dekretua baliogabetu duen epaia «argia» eta «sendoa» da Gipuzkoako Aldundiarentzat eta, hortaz, ebazpena errekurrituko ez dutela jakinarazi du Imanol Lasa bozeramaleak.

Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramalea. (@OrainGipuzkoa)
Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiko bozeramalea. (@OrainGipuzkoa)

«Denok espero genuen amaiera» izan du Igeldoren aferak, Imanol Lasa Gipuzkoako Aldundiaren eledunak, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexio dekretua baliogabetu ondoren.

Ebazpena «argia» eta «sendoa» dela esateaz gain, «pisuzko argudio juridikoetan» oinarrituta dagoela azpimarratu du Lasak eta, hortaz, baieztatu du Aldundiak ez duela helegiterik aurkeztuko.

Foru bozeramaleak aditzera eman duenez, «indarrean dagoen Foru Araua ez errespetatzeaz gain», Igeldoren inguruan iragan legealdian jazotakoa «aldrebeskeriz beterikoa» izan zen «herritarren partaidetzaren eta kudeaketa politikoaren ikuspegitik».

«Ez ziren mota honetako prozesu batek behar dituen bermeak eta akordioak landu. Ez ziren iritzi guztiak aintzat hartu, eta modu interesatuan baztertu ziren herri kontsultatik bestelako aukerak planteatzen dituzten galderak», gaineratu du.

Orain «garai berri bat» hasten dela azaldu du Lasak, afera honi «elkarrizketan eta akordioan» oinarrituta heltzeko eta «gauzak behar bezala egiteko hasieratik».

Donostiako alkatea

Bere aldetik, Eneko Goia alkate donostiarrak ere ontzat eman du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia, auziari «eman ahal zitzaion erantzun bakarra» eman diola iritzita.

«Itsas Aurrek eta Herri Kontseiluak erabaki behar dute zer egin behar duten. Hala ere, behin baino gehiagotan esan dudan bezala, Udala prest dago lan egiteko Igeldo Udalezpeko erakundea izateko», gaineratu du Goiak.

Era berean, azpimarratu du, «bi aldeek ez dutela negoziatzen baldin eta batek ez badu nahi, eta beraz, nahiz eta Itsas Aurrek eta Herri Kontseiluak desanexioa lortzeko azken muturreraino jarraituko dutela esan duten, Udalak Igeldo Udalezpeko erakundea izateko eskaintza mantenduko du».