Elkartasuna kartzelako ateraino iritsi da
Milaka euskaldun igo dira autobusetara, Estatu espainiarreko eta frantziarreko kartzeletan dauzkaten presoei elkartasuna adierazteko. Bidaiari horietako batzuk Herrerako Martxa mitikoa haiek ezagutu zituzten, beste batzuk, gazteenek, aurreneko aldia izan dute. Baina denentzako izan da zirraragarri kartzeletaraino iristea eta barruan daudenei oihuak eta abestiak eskaintzea, elkartasuna adieraztea. Bidai horietako batean joan da NAIZ, eta hau da lekukotasuna.
6.30 Autobusean ikurriñak, banderolak, eta bazkaria sartu eta abiatu gara Beasaindik. Goierriko lau autobus goaz Zaragozako Zuera eta Daroca kartzeletara. Sakana ilunpean pasa dugu, aldameneko soroak eta zelaiak izoztuta, jende gehiena lo autobusean. Zuaistiko ordainlekuan azaldu zaigu eguzkia, hemendik aurrera egun osoan lagun izango duguna. Iruñea zeharkatu eta gure autobusak geldialdi txiki bat egin du Peraltako ordainlekuan, laukoteko bat deskolgatu egin baita, berriro ere lauak bat eginda jarraitzeko.
8.45 Valtierran hamar minutuko geldialdia, zigarro bat erre eta txiza egiteko. Caceresera bart abiatutako autobusa iritsi dela esan du norbaitek. Parisera abiatutakoak oraindik ez. Zer daukagu bazkaltzeko? galdetu du mutil batek. Mauriren erantzuna: patata tortila, oilaskoa, haragia, ardoa ta sagardoa. Atzo aritu ziren sukalde-lanean Mauri eta Arantxa, Amalur elkartean.
11.15 Guardia Zibilaren hamar Patrol eta bestelako ibilgailu dauzkagu zain Darocako kartzelatik kilometro erdira. Autobus bakoitzera guardia zibil bat igo da eta arduraduna nor den galdetu du. Ekitaldia egiten utziko dutela baina ez zapaltzeko inguruko soroa, erein berria dagoela eta. Ados. Maleteroetako motxilak gainbegiratu dituzte, oso azaletik, zakur baten laguntzaz, eta petardo batzuk eraman dituzte. Ikurriñei eta presoen aldeko banderolei ez diete eragozpenik jarri. Argazkilariei esan diete egin dezaketela lana baina guardiak edo kartzela atera gabe irudietan.
Ikurriñak eta banderolak hartuta, berrehun bat lagun jarri dira kartzelara begira, «Amnistia osoa» eta «Euskal presoak Euskal Herrira!» oihukatuz. Eusko Gudariak ere abestu dute. Kartzela barrutik erantzun egin dute, irrintzika. Hiru euskal preso daude Darocan orain: Kirmen, Aitor eta Oier. Pixka bat gorago igo pistan eta berriro, oihuak eta abestiak, banderak haizatuz eguzkipean.
Guardia batek esan dio kazetariari egiteko lasai lan: «Yo hago mi trabajo, y usted el suyo». Ederki bada. «¿De Tolosa vienen?». «De cerca». «Pues ya sé yo que en Albistur se comen unas alubias extraordinarias. Estuve destinado en aquella zona, en los años duros».
Ordu laurden inguru iraun du Darocako ekitaldiak. Martxaren antolatzaileetako batek idatzia eman dio ateko funtzionario bati, zuzendariaren eskuetan jarri dezala eskatuz. «Kartzelako ateraino ekarri gaituzten arrazoiak lau dira: dispertsioaren bukaera eskatzea, presoak Euskal Herriratu ditzaten eskatzea, gaixorik dauden presoen askatasuna eskatzea, eta euskal presoek legedi arrunta erabil ahal izan dezatela onura penitentziarioak lortzeko».
Presa daukagu Zuerara abiatzeko, ordubietarako han egon beharra daukagu eta, baimena ordu horretan bukatzen baita. Bagoaz, etorritako bidean atzera eginez.
13.50 Zueran ere guardia zibilak dauzkagu itxoiten. Eskua burura eramanda diosala militarra egin diote martxaren antolatzaileari. Baldintza berdinak hemen ere. Esandako orduak errespetatzeko eta haiei argazkirik ez ateratzeko. «Altzo Txiki» Jauregi eta Aratz Igarzabalek bertso bana bota dute, txalapartariek makilak astindu dituzte eta ondoren agiri bat irakurri da, presoek Abian prozesuan parte hartzeko daukaten eskubidea aldarrikatuz eta lehen aipatutako lau eskaerak berretsiz. Hemen ere funtzionario batek jaso du zuzendariari eman beharreko idatzia.
Di-da batean, eszenario txiki bat montatu dute gazte batzuk. Anplifikadoreak, bateria, gitarrak… eta egurra! Ordu laurdeneko kontzertuaz gozatu dugu, eguzki gozopean. Gaur bisitan etorritako sendiak gerturatu dira ekitaldira, hemen dauzkaten bederatzi presoak «bisita kolektibo» hau jasotzeko irrikan zeudela adierazi. «Zain dago ama»rekin eta familia argazkiarekin bukatu da Zuerakoa.
16.00 Gallurreko atseden lekuan bazkalduko dugu. Jaki guztiak porlanezko mahai gainean jarri, haiek irentsi –gose gara dagoeneko– eta kafea hartzera kafetegira. Zerbitzariak harrituta daude, nondik atera ote diren kolpean berrehun bezero hauek. Berehala ulertu dute, jendeak paparrean jarrita daramatzan pegatinei esker.
Gaurko azkeneko «Presoak kalera!» eta autobusetara berriro, erdi pozik –presoei elkartasuna erakutsi zaielako– eta erdi triste –ez datozelako gurekin bueltan Goierrira–.