«Gure txikitasunean ederra egin dugu!». Hitz horiekin laburbildu du Errigora ekimenak Nafarroa hegoaldeko oliba olioa banatzeko kanpainaren balantzea. Guztira, Euskal Herri osoko 5.000 etxeetara 75.000 litro olio banatu dituzte. Iazko datuekin alderatuta, %65 gehiago banatu dute, eta %150 gehiago, 2014ko datuekiko.
Gogoratu dutenez, ‘Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura’ Nafarroa hegoaldearen berezko produktuak eguneroko kontsumo ohituretara ekartzeko proposamena da eta, ildo horretan, kontsumitzaile arduratsuen komunitateak osatzeko eta ekoizle arduratsuak saretzeko saiakera ere bada.
Oraingoan, ehunka boluntarioren lanari esker, 75.000 litro olio banatu dituzte. Olioa ez da etxe partikularretara bakarrik joan, izan ere, aurtengoan hamaika kontsumo talde, elkarte gastronomiko, txoko eta eskola-ikastoletako jantokietara ere iritsi baita Nafarroa hegoaldeko olioa.
Hurrengo zita maiatzean jarri du Errigorak. Orain olioarekin egin bezala, maiatzaren 12tik 24ra kontserba loteak eskatzeok tartea zabalduko dute.