Aberri Egunaren harira adierazpena kaleratu du Udalbiltzak. Erabakitzeko eskubidea hizpide hartuta, datozen hileotan herri andana batean herritarrei zein den euren borondatea eta etorkizunean zer izan nahi duten, nola egituratu nahi duten, galdetuko zaiela gogora ekarri du, «ariketa demokratiko osasuntsuan».
Horrekin batera, alderdi abertzaleen artean «arazo ziren hainbat gai konponbidearen atarian» jartzen ari direla eta «gaur arte apurtuta zeuden zubi batzuk eraikitzen» hasi direla nabarmendu du nazio erakundeak.
Nafarroako Gobernuak euskararen alorrean egindako urratsak eta Nafarroa Pirinio Atlantikoetako Departamenduak eta Akitaniako eskualdeak partekatzen dituzten gune iraunkor eta hitzarmen instituzionaletara itzul izana ere «esanguratsua» dela deritzo Udalbiltzak.
Gainera, Ipar Euskal Herria instituzionalki ezagutua izateko «herritarren adostasun handiz ematen ari diren urrats historikoak» jaso ditu bere adierazpenean.
Halaber, Euskal Herrian sortzen ari diren indar politiko berriak ditu aipagai, «aniztasunaren ikur, gure herriaren aberastasunaren adierazle».
Hori guztia aintzat hartuta, Euskal Herria politikoki eta «herritarren duintasunean urratsak egiteko aukera paregabean» dagoela uste du eta, ildo horretan, hainbat dei egin ditu: lehenik, herritar guztiei, «sentsibilitate desberdineko herritar orori», Aberri Egunerako deialdietan esku har dezaten.
Bigarrenik, «Euskal Herria aintzat hartzen duen herritar orori» erabakitzeko eskubidearen alde lan egin dezan eskatu dio.
Eta azkenik, eragile politiko guztiei Euskal Herriaren kohesioaren alde urrats «eraginkorrak» egin ditzaten galdegin die.
Udalbiltzak, bere aldetik, otsailean hautatu duen zuzendaritza berrituta, aro berriari ekingo dio eta «anitzagoa izateko» atxikimenduak biltzen jarraituko du. Halaber, konpromisoa hartzen du «Euskal Herriko lurraldeen arteko elkarlana eta saretzea sustatzeko eta bertako eragileen arteko ezagutza bultzatzeko».
Azkenik, Euskal Herriko instituzioen arteko elkarlana bultzatzeko konpromisoa hartzen du eta «hitza ematen du baliabide guztiak jarriko dituela zubigintza horretan lan egiteko».