NAIZ
BAIONA

Bidarten ustez senarrak jipoituta larri zegoen emakumea hil egin da

Bidarten ustez senarrak emandako kolpeen ondorioz larri zegoen 34 urteko emakumea, Natalie Van Dut, Baionako ospitalean hil egin da. Astelehenean aurkitu zuten emakumea, bere buruaz beste egin zuen bikotekidearekin batera eta prokuradoreak atzo esan zuen indarkeria matxista kasu bat delakoan daudela.

Bidarteko Bassilour industriagunea. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Bidarteko Bassilour industriagunea. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Irrati publiko frantsesaren informazioa aipatuta EITBk adierazi duenez, hil egin da astelehenean Bidarten larri zaurituta agertu zen Natalie Van Dut, 34 urteko emakumea.

Gertakariak apirilaren 4ean jazo ziren, Bidarteko Bassilour industriagunean Alain Pignoten gorpua agertu zenean, urkatuta, eta haren ondoan emaztea zegoen, larriki kolpatua.

Emakumea Baionako erietxera eraman zuten eta bertan hil da gaur gauean, aipatu iturrian arabera.

Samuel Vuelta Simon Baionko prokuradoreak atzo azaldutako hipotesi nagusiaren arabera, 48 urteko gizonak eraso egin zion emazteari eta gero bere burua hil zuen.

Bikoteak 9 urteko haur bat du, gertakariak jazo ziren unean eskolan zegoena. Aiton-amonek hartu dute haren ardura, fiskalak baieztatu zuenez.

Prokuradoreak azpimarratu zuen urkatuta aurkitu zuten gizona 2015eko azaroaren 13an tratu txarrengatik zigortu zutela. 2014ko maiatzean gertatu zen erasoarengatik lau hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, baina ez zuen kartzelara joan behar izan.

Elkarretaratzea

Euskal Herriko Mundu Martxako plataforma feministan parte hartzen duten Ipar Euskal Herriko hainbat elkartek elkarretaratzea antolatu dute bihar 18.00etan Bidarten.