NAIZ
DONOSTIA

Igandeko erraustegiaren kontrako giza-kateak atxikimendu ugari bildu ditu

Igande honetan, Donostian, giza-kate batek Onkologikoa eta Diputazioa lotuko ditu erraustegiaren aurkako protesta batean. Sindikatu, alderdi politiko eta herri ekimen ugarik bat egin dute deialdiarekin.

Erraustegiaren aurkako protesta bat, Andoainen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)
Erraustegiaren aurkako protesta bat, Andoainen. (Gorka RUBIO/ARGAZKI PRESS)

Igande honetan, maiatzak 29an, Donostian Onkologiko eta Diputazio bitartean erraustegiaren kontra egingo den giza-kateak atxikimendu ugari jaso ditu alor sozial, politiko zein sindikaletatik baita oposizioko alderdi gehienek. Besteak beste, EH Bildu, Podemos, Equo, ELA, LAB, CCOO,  Eguzki, Ekologistak Martxan, Greenpeace, Zero Zabor eta beste hainbat talde ekologistek babesa erakutsi dute..

«Igandekoa mobilizazio berezia izango da eta erronka handia, bai parte partze zein antolatze aldetik», adierazi dute ohar baten bidez. Azaldu dutenez, Onkologikoan hasiko da «ez dugulako han bukatu nahi» eta Diputazioan amaitu «bertan has daitekeelako behar baino pertsona gehiago Onkologikoan bukatzera eraman ditzakeen bidea».

Honen aurrean, giza katearen bidez irudikatu nahi izan dute erraustegiak suposa dezakeena. «Badaude datu zientifiko sendoak esateko hondakinak erretzea asoziatzen dela minbizi kasuen eta hilkortasunaren handitzearekin, baita beste hainbat gaixotasun ugaltzearekin ere, erraustegi batetik 10 kilometroko inguruan bizi den populazioan», gehitu dute.

«Erraustegia pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua da. Gainera, garestia da alde horretatik, belaunaldi hau ez ezik gure seme-alabena ere hipotekatuko du. Eta hori gutxi balitz, birziklatze bidean zein ekonomia zirkularreko bidean aurrera egitea ere oztopatzen du», gogoratu dute.