NAIZ
DONOSTIA

Gipuzkoa Zutik ekimenaren kanpalekua desegin dute Udaltzaingoak eta Ertzaintzak

Donostiako Udaltzaingoak Gipuzkoa Zutik ekimenaren kanpalekua desegin du gaur goizean. Ertzaintzaren babesarekin gauzatu dute desalojoa. Plazan zeudenak Bulebarreko kioskora joan dira ondoren. Arratsaldean, berriro Gipuzkoa plazara abiatu dira batzarra egiteko asmotan eta hasiera batean Ertzaintzak bidea moztu dien arren, azkenean plazara iritsi dira.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean desalojatu dute Gipuzkoa plaza. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarlanean desalojatu dute Gipuzkoa plaza. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Goizeko 10.00ak aldera joan dira Donostiako udaltzainak Gipuzkoa plazara eta, Ertzaintzaren hainbat furgonetaren babesarekin, Gipuzkoa Zutik ekimeneko kideen kanpin dendak kentzen eta kanpalekua desegiten hasi dira. Ekimenak Twitter bidez salatu duenez, «dena apurtzen eta lapurtzen ari dira».

Udaltzainek plaza hustutzen zuten bitartean, ertzainek plaza inguratu dute. Tentsio uneak izan dira eta, polizien jarreraren aurrean, bertan zeudenak lurrean eseri dira.

Gipuzkoako plaza hustu ondoren, bertan zeudenak Bulebarreko kioskora joan dira eta han batzarra egin dute.

Gaur 18.30ean Bulebarretik Gipuzkoa plazara mobilizazioa deitu dute, eta ondoren batzarra 19.00etan. Egunero ordu horretan biltzeko deia egin dute. Dinamika ez dutela geldiaraziko ohartarazi dute.

Arratsaldeko asanbladan, goizeko gertaerak azaldu dituzte, eta behin bukatuta Gipuzkoa plazaruntz itzultzea erabaki dute. Hala ere, bidean, Ertzaintzak bidea oztopatu egin die eta Elkano kalerantz desbideratu dira. Bertan eserialdi bat egin dute eta Ertzaintzak alde egin duenean, Gipuzkoa plazara iristea lortu dute.

Hirugarren gaua egin du gaur Gipuzkoa Zutik ekimenak Gipuzkoa plazan, erraustegiaren aurka eta bestelako gizarte eredu baten alde.