NAIZ
IRUÑEA

Sakabanaketarekin amaitzeko indarrak batu behar direla nabarmendu du Sortuk

Presoek pairatzen duten sakabanaketarekin amaitzeko euskal jendartearen indarrak biltzea ezinbestekoa dela nabarmendu du Sortuk.Horrela nabarmendu dute Amaia Izko eta Txelui Moreno eledunek Iruñean, PPren egoitzaren aurrean, egin dituzten adierazpenetan.

Amaia Izko eta Txelui Moreno, Iruñeko PPren egoitzaren aurrean (Idoia ZABALETA-ARGAZKI PRESS)
Amaia Izko eta Txelui Moreno, Iruñeko PPren egoitzaren aurrean (Idoia ZABALETA-ARGAZKI PRESS)

Aste honetan Aitor Agirrebarrenaren senideek pairatu duten istripuaren berri izan dugula gogoratu zuen Izkok. Honekin batera, Gorka Frailek pairatzen duen egoera ankerra salatu du ere. Euskal Herrira trasladatzea ukatu dio Auzitegi Nazionalak. Espetxea minbizia gainditzeko toki aproposa dela esan dute epaileaek, sendagileek aurkakoa uste badute ere. Hori dela eta, Badajozen mantentzen dute, Euskal Herritik 700 kilometrora. «Ez dago egoera hau azaltzeko hitz aproposik», adierazi du Izkok.

«Hauek dira sakabanaketa politika ankerraren eta gaixorik dauden presoenganako txantaia eta mendekuaren eragin itzelak, horiek direlako, salbuespeneko politika eta neurri anker hauen oinarrian daudenak, espainar gobernuko mendeku eta txantai gosea», esan du.

«Baina baita ere, eta hori ozen salatu nahi dugu, euskal preso politikoen kolektiboaren kontrako neurri eta politika hauek mantentzearen arrazoia, guztiz beharrezkoa den konponbideen esnenatoki bat eragoztea, boikoteatzea, zapuztea dela. Hori da espainar gobernua, eta bere atzetik frantziarra, bilatzen ari direna», gaineratu du Izkok.

Egoera hau gaindizteko "gizarte honen parte garen pertsona, eragile zein instituzioak aktibatzen, mobilizatzen eta aurrera pausuak ematen jarraitu behar dugu" nabarmendu du.

Hori dela eta, sakabanaketaren kontra ematen diren mobilizazio guztietan parte hartzeko deia egin du. Igande honetan, Sarek eta Etxeratek deituta Iruñean manifestazioa izango dela gogoratu (12.00, Autobus Geltokia).