NAIZ

Euskal preso politikoen aurkako azken erabakiak salatu ditu Sortuk

Josetxo Arizkurenen espetxe aldaketa eta espainiar Auzitegi Gorenak Gotzon Amaro, Gari Arriaga, Alex Velasco eta Txema Olaberrieta euskal preso politikoen kasuan 579 bis 4 kode penal berria ez aplikatzea erabaki duela salatu du Sortuk.

«Madrilek agerian uzten du bera dela arazo eta oztopo bakarra preso politikoen eskubideak zapaltzen dituen egungo espetxe politika aldatzeko orduan eta kosta ahala kosta mantendu nahi duela, eta soilik preso politikoen kasuan, hauen espetxealdiak eta espetxe baldintzak ahalik eta gehien luzatuz eta gogortuz», adierazi du Sortuk ohar baten bidez.

Modu honetan espainair Auzitegi Gorenak Gotzon Amaro, Gari Arriaga, Alex Velasco eta Txema Olaberrieta euskal preso politikoen kasuan 579 bis 4 kode penal berria ez aplikatzea erabaki duela gaitzetsi dute. Era berean Josetxo Arizkurenen espetxe aldaketa iragan apirilaren 17an, preso ohiek Bilbon antolatu zuten manifestazioan, bere gutun baten irakurketarekin lotu dute.

Era berean, bere askatasuna eskatu dute «gaixotasun larri eta sendaezina pairatzen duelako». Lau presoen kasuan, berriz, «zigor eta mendeku ikuspegiaz zigortzen jarraitzen duela» adierazi dute.

Egoera honen aurrean, Sortuk «mobilizatu beharra» dagoela aldarrikatu du, «preso politikoen eskubideak eta kaleratzea lortu arte».